Gizartea
Koronabirusa
Sanferminetan jendetza biltzen duten ekitaldiak saihestu nahi ditu Iruñeko Udalak
Agentziak | Erredakzioa
"Jarrera gizagabe eta insolidarioak" salatzen dituen adierazpena onartu du Udalak, "osasun arauak errespetatu gabe jaiak eta botiloiak" antolatzen dituztenen kontra.
-
Jendetza bilduta Iruñean, 2019ko Sanferminetan. Argazkia: EFE
San Fermin jaietan Iruñean jendetza pilatzea eragiten duten jarduerak antolatzearen aurka agertu da gaur, asteartea, Iruñeko Udala, eta asteburuan hirian izandako jende pilaketa ere gaitzetsi du.
Navarra Sumak, sanferminetan biltzen den jendetzaren inguruko adierazpen instituzionala aurkeztu du Iruñeko Udalbatzan, baina hasieran aurkeztutako testuari EH Bilduk proposatutako beste puntu bat gehitu diote, asteburuan hirian izandako jende pilaketen aurka. Gauzak horrela, EH Bilduk mozio horren alde bozkatu du.
Adierazpen horren bidez, sanferminetan jendea pilatzea dakarten jarduerak eta ekimenak sustatzea edo babestea baztertzen du Udalak, jende pilaketek koronabirusaren agerraldi berria ekar dezaketelako.
Testuinguru horretan, osasun arloko agintariek orain arte emandako "gomendioak betez" hartutako konpromiso pertsonalarekin jarraitzeko eskatu die Udalak herritarrei, jarrera horri esker "kontaktu sozialerako eta taldeko jardueretarako espazioak berriro zabaltzea ahalbidetzen ari baitira".
Azken puntuan, asteburuko "jarrera gizagabeak eta insolidarioak" gaitzesten ditu Udalak, "osasun arauak errespetatu gabe jaiak eta botiloiak" antolatzen dituztenen kontra. Izan ere, maskarak ez erabiltzeak eta segurtasun distantziarik ez mantentzeak "iruindar guztiak arriskuan" jartzen dituela azpimarratu du Udalak. Horregatik, horrelako ekintzarik ez antolatzeko eskatu die herritarrei.