Gizartea
Zubieta kalean
Donostiako Metroko lanek kaltetutako herritarrak etxera bueltatu dira
Agentziak | Erredakzioa
EH Bilduk Eneko Goia alkatearen premiazko agerraldia eskatu du, luiziaren gainean informazioa eman dezan.
Donostiako Zubieta kaleko 8. atariko bizilagunek etxeetara bueltatzeko baimena jaso dute, Udalaren aldetik, Eusko Trenbide Sareak txosten teknikoak emanda, Udalak jakinarazi duenez. Bitartean, eta testuinguru horretan bertan, EH Bilduko udal-taldeak Eneko Goia alkatearen premiazko agerraldia eskatu du, azken horrek luiziaren gainean informazioa eman dezan.
Ur-sartze baten ondorioz, ostiralean hogei metro kubikoko zuloa eragin zuen Kontxako pasealekuan dagoen eraikin horretako zimendatzean. Bertako bizilagunak Londres Hotelean eman zuten gaua; hotela eraikinaren aldamenean kokatzen da, eta une honetan itxita dago.
10. atariko bizilagunak ere atera zituzten euren etxeetatik, baina azken horiek ostiralean bertan itzuli ahal izan ziren, 22:00ak aldera.
Nolanahi ere, 8. atarikoek neurketa gehiago egin arte itxaron behar izan dute; astelehen honetan jaso dituzte txosten teknikoak, eta, beraz, etxera bueltatzeko aukera izan dute.
Kaltetuekin bilera eginda, Antonio Aiz Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Garraioko sailburuordeak azaldu du goizean amaitu direla tuneleko zuloa estaltzen; zulo hori da gertakariaren jatorria; gerora, "ikerketa-lan batzuk" egin dituzte, georradarra erabilita, guneko hainbat eraikinetan.
Aizek, horrez gain, adierazi du udal-arkitektoak berriro ikuskatu egin duela Zubieta kaleko 8.a, azken bi egunotan ere egin duenez, eta ebatzi duela "segurtasun- eta sendotasun-bermeak" dituela, bizilagunak etxera itzul daitezen, Udalak hala baimenduta.
izek azaldu du lanak, "orokorrean", ez direla eten, baina Kontxako tunela badago geldiarazita, ostiraletik. Hainbat ikerketa osagarri egin eta lurretako morfologiaren gaineko informazio osoa bildu arte, lan horiek ez dira berriro hasiko.
"Hortik aurrera, zehaztuko dugu noiz eta nola berrartuko ditugun lanak tunelean", adierazi du sailburuordeak. Aizek "lasaitasun-mezua" luzatu du. Kontu honetan, "segurtasunak" du lehentasuna, esan duenez, eta "aurreikusi gabeko gertakari tamalgarria jazo da"; hori gorabehera, "bermeak daude Metroko gainerako lanekin aurrera jarraitzeko".
Nekane Arzallus Hirigintza zinegotzia, bere aldetik, pozik azaldu da, herritarrak etxeetara "lasaitasun osoz" bueltatu ahalko direla. Esan duenez, kaltetuak, txostenak ikusita, "guztiz lasai" geratu dira.
EH Bilduk Eneko Goia alkateak premiazko agerraldia egitea eskatu du
Bitartean, EH Bilduren Donostiako udal-taldeak Eneko Goia alkateak premiazko agerraldia egitea eskatu du, luiziaren gaineko informazioa eman dezan.
EH Bilduk ziurtatu du udal-gobernuak, hasiera batean, esan zuela "gertakariak ez zuela zerikusirik Metroko lanekin"; gerora, baina, onartu egin behar izan zuten "lanak" izan zirela "istripuaren arrazoia".
EH Bilduren hitzetan, herritarrek "arrakalak, zuloak eta beste hainbat kalte gehiago" salatu dituzte; horrez gain, gertuko eraikinetan "egiturazko ezegonkortzeak" daude nabarmendu dituzte bizilagunek, "etxeko egitura osoa mugitu baita".
EH Bilduk “beharrezkotzat” jotzen du alkateak "beharrezko azalpenak" eman ditzan, gertaturikoaren arrazoiak aztertzeko, eta, etorkizunari begira, "bizilagunen segurtasuna bermatzeko beharrezko neurriak ezartzeko".
Halaber, Goiari eskatu dio azalpenak eman ditzan, "Metroan lanean dabiltzan beharginen segurtasuna bermatzeko hartuko dituzten neurrien gainean".