Gizartea
KORONABIRUSA
Koronabirus agerraldi batek gutxienez 10 pertsona kutsatu ditu Basurtuko Ospitalean
eitb.eus
8 gaixo eta 2 profesional dira kutsatuak. Gainera, Txagorritxun 4 positibo atzeman dituzte, 81 senide, gaixo eta profesionali PCR testak egin ostean.
Nekane Murga Osasun sailburuak jakinarazi du koronabirusaren agerraldi bat egon dela Bilbon, Basurtuko Ospitalean, eta gutxienez 8 gaixo eta 2 profesional kutsatu direla.
Murgak azaldu duenez, Osakidetzak ikerketa jarri du abian ospitaleratuta zeuden bi gaixok positibo eman dutela ikusi ostean. Harremanak ikertu ostean, 90 PCR proba baino gehiago egin dituzte gaixo, profesional eta bisitarien artean, eta oraingoz 8 gaixok eta bi profesionalek eman dute positibo COVID-19an.
Segurtasun neurri gisa, gaixoak zeuden lekuak desinfektatu dituzte. Gainera, Revilla pabiloiko lehenengo solairura eraman dituzte, COVID-19a artatzeko egokitutako gelak bertan baitaude.
Txagorritxu
Gasteizko Txagorritxu Ospitaleko agerraldiaz, berriz, Osasun sailburuak esan du lau direla kutsatuak, eta horietako bat zentroko profesionala dela.
Koronabirusaren pandemiaren datuak emateko prentsaurrekoan adierazi duenez, gaixotasunaren joera "ona" da, baina gogorarazi du Txagorritxun "kutsatze fokua" atzeman dutela, eta horrek agerian uzten duela gaitza bizirik dagoela.
Txagorritxuko agerraldia ospitaleratuta zegoen gaixo batek sortu zuen, hirugarren probara arte negatibo eman baitzuen. Dagoeneko segurtasun neurriak jarri dituzte martxan, eta egindako 81 PCR probei esker jakin dute beste pertsona bat, gaixo hori bisitatzera joan zen bat, eta profesional bat ere gaixotu direla.