Gizartea
Deseskalatzea
Nafarroako Gobernuak diskoteken irekiera eta zezenketak mugatuko ditu 3. fasean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Diskotekek terrazak jarri ahalko dituzte, eta zezenketak baimenduko dituzte, hori bai, 400 pertsonekin gehienez jota. Gainera, peñak eta elkarte gastronomikoak ere ireki ahalko dituzte.
-
Iruñeko Gaztelu plazaren irudietako bat. Argazkia: EFE
Deseskalatzearen 3. fasean murrizketa propioak ezarri ditu Nafarroako Gobernuak, esaterako, diskoteken irekierarekin edo zezenketekin lotutakoak, Nafarroako Foru Gobernuko Osasun Sailak foru-agindu baten arabera. Horrela, diskotekak ezingo dituzte ireki, baina bai terrazak jarri, eta zezenketak egin ahalko dira gehienez jota 400 pertsonekin eserita.
Bestalde, 2. faseak zekartzan hainbat muga bertan behera utziko dituzte astelehen honetatik aurrera: peñak eta elkarte gastronomikoak ireki ahalko dituzte, eta jarduerak egiteko gehienez jota 20 lagun bildu ahalko dira. Igerilekuei, ludotekei, eta uda- zein hiri-kanpalekuei dagoekienez, ekainaren azken astera gutxienez itxaron beharko dute Nafarroako herritarrek, pandemiaren garapenaren zain, alegia.
3. fasearekin, gainera, ordutegi tarteak desagertuko dira, baita adinekoentzako eta desgaitasunen bat dutenen herritarrentzako tarteak ere. "Pertsona bakoitzak behar dituen alternatibak martxan jartzeko unea da", adierazi du Foru Gobernuak.
Lokalen edukiera izango da 3. faseko beste berrikuntzetako bat: % 75koa baimenduko da terrazetan, % 50ekoa dendetan eta % 50koa museoetan, beti ere pertsonen arteko segurtasun distantzia gordetzeko helburuz.