Gizartea
KORONABIRUSA
Txagorritxu ospitalean COVID-19a berragertu ote den ikertzen ari da Osakidetza
EITB.EUS
Gaixo bat ospitalean bertan kutsatu omen da, ez baitzuen inolako sintomarik apiril amaieran ospitaleratu zutenean. Osasun langile bat gutxienez kusatu da, eta beste 40 etxean daude, isolamenduan.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ikerketa ireki du Gasteizko Txagorritxu ospitaleko langileen artean COVID-19 gaitza berragertu ote den argitzeko. Izan ere, bi positibo izan dira azken orduotan eta 40 osasun langile koarentenan jarri dituzte.
eldiarionorte.es-ek argitaratu duenez, duela hilabetetik Txagorritxun ospitaleratuta zegoen Onkologia saileko gaixo batek positibo eman du PCR probetan azken orduetan, eta baita artatu zuen erizainetako batek ere. Gainera, unitate bereko beste gaixo bat kutsatuta dagoenaren susmoak daude.
Zantzu guztien arabera, gaixoa ospitalean bertan kutsatu da, ez baitzuen inolako sintomarik apiril amaieran ospitaleratu zutenean.
Positibo eman duen gaixoarekin harremanetan egon diren 52 osasun langileri PCR probak egin dizkiete. Dagoeneko 12k emaitza jaso dute, positibo bakarra egon da (erizain bat), beste hamaikak negatibo eman dute, horien artean 5 zeladorek. Txagorritxuko gainerako 40 langileak etxean daude berrogeialdian, prebentzio modura, kutsatuta egon daitezkeelakoan. Emaitza bihar goizaldean jakingo dutela baieztatu due ESK sindikatutik.
Txagorritxuko ospitalea Euskal Herriko lehen COVID-19 kasuen lekuko izan zen. Martxo hasieran, hainbat osasun langile kutsatu ostean, ospitaleko ehun bat behargin isolatu egin behar izan zituzten.