Itxi

Gizartea

Zuloa, metroko lanengatik

Hustutako eraikinetako hainbat bizilagun euren etxeetara itzuli dira Donostian

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

10. eraikinekoak itzuli dira baina ez, ordea, 8.koak, udal teknikariek egingo dituzten neurketa gehiagoren zain baitaude. Guztiak euren etxeetara "igandean" itzultzea espero du Tapiak.

1:38
Zuloa konpontzeko egun parea beharko dute. (EiTB)

Donostiako Zubieta kaleko 10. zenbakiko bizilagunak euren etxeetara itzuli dira ostiral honetako 22:00ak aldera; kale bereko 8. zenbakian bizi direnak, ordea, udal teknikarien ebazpenaren zain daude, Donostiako metroko lanek eragindako zuloaren ondorioz.

20 metroko kubiko inguruko zulo bat eragin zuten ostiral honetan Donostiako metroa eraikitzeko lanek eta, horren ondorioz, eraikin bat jendez hustu behar izan zuten Kontxako pasealekuan.

Eraikin hori Zubieta kaleko 8. zenbakian dago, eta haren ondoan dauden beste eraikin bat eta Londres hotela ere jendez hustu behar izan zituzten.

Bizilagun batek eman zuen abisua ostiral goizean, eraikinaren sotoan zulo handia ikusi zuenean. Metroko obraren arduradunek 13:00ak aldera izan zuten ezbeharraren berri.

Jon Chavarri Donostiako Udaleko Hirigintza zuzendariak zehaztu zuen erakinaren oinarrietako batean izan direla kalteak. "Harea kentzerakoan, zimendatzea desagertu egin da, baina ez dago arrakalarik egitura gaizki dagoela esateko. Zuloa hormigoiarekin beteko dute", azaldu zuen atzo.

Zuloaren betetzea berrikusiko dute arratsalde honetan udal teknikariek eta horren ostean, Zubieta 8ko auzokideak etxera itzuliko diren ala ez erabakiko dute, Udal iturriek jakinarazi dutenez.

Eraikinetako egituran kalterik ez

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako eta Azpiegituren sailburuak, Eneko Goia Donostiako alkateak eta ETSko arduradunek etxetik irtenarazitako bizilagunei jakinarazi diete "bihar edo etzi" itzuliko direla euren etxebizitzetara, udal teknikariek "neurketa gehiago" egin ostean.

Kaltetutako auzokideekin bildu dira Tapia, Goia eta ETSko arduradunak, eta azalpen teknikoak eskaini dizkiete. Gainera, "zonalde osoan etengabeko neurketak" egiten ari direla jakinarazi diete, eta "eraikinetan ez dela inolako mugimendurik izan" ondorioztatu dute.

Bestalde, Tapia sailburuak adierazi duenez, Donostiako metroaren lanek eragindako zuloak "ez du kaltetu eraikinaren egiturarik".

Tapiak azaldu duenez, Eusko Trenbide Sareak "hasieratik" harremanean izan da kaltedunekin, eta "azalpen guztiak" eskaini dizkiete. Gainera, irtenarazitako bizilagun guztiak euren etxeetara "bihar" itzultzea espero duela esan du.