Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Selektibitatea egiteko BEC eta hainbat ikastetxe erabiltzea aztertzen ari da EHU

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Helburua litzateke ikasleak sakabanatzea jende pilaketak saihesteko, COVID-19aren kutsatzeak ekiditeko, Nekane Balluerka EHUko errektoreak iragarri duenez.

  • Nekane Balluerka EHUko errektorea, Radio Euskadin

    Nekane Balluerka EHUko errektorea, Radio Euskadin. Argazkia: EiTB

Unibertsitatera sartzeko azterketak egiteko Bizkaiko Exhibition Centre (BEC) eta Arabako eta Gipuzkoako hainbat ikastetxe erabiltzea aztertzen ari da EHU, Nekane Balluerka EHUko errektoreak Radio Euskadin eskainitako elkarrizketan iragarri duenez. Helburua litzateke ikasleak sakabanatzea jende pilaketak saihesteko, COVID-19aren kutsatzeak ekidin ahal izateko, hain zuzen ere.

Unibertsitaterako azterketak datorren uztailaren 6an, 7an eta 8an izango dira, ohiko deialdian, eta EHUko kanpusetan egingo dira batez ere, baina egoitza kopurua handitzea aztertzen ari dira, koronabirusaren hedatzeak saihesteko asmoz.

Errektoreak azaldu duenez, 11.000 lagunek egingo dute aurten Euskadin Unibertsitatean sartzeko azterketa. Segurtasun neurriak "erabateko lehentasuna" izango dira, eta aurreratu duenez, datorren astearen amaieran horren inguruko informazio zehatza eskainiko dute.

Balluerkaren hitzetan, proben exijentzia maila "ez da txikiagoa izango", baina malguagoak izango dira, "ez da aurreko urteetako azterketa hain itxia izango", hortaz, bere institutuan hainbat ikasgai irakatsi ez badizkiote, ikasleak aukera desberdinak izango ditu.

Bestalde, Euskadiko antzeko osasun egoera duten herrialdeen artean ikasleen mugikortasun akademikoa sustatzen duen Erasmus programari eusteko EHU "ahalegin handia" egiten ari dela adierazi du Balluerkak. Peru, Kolonbia edo AEB bezalako herrialdeei dagokienez, ordea, bigarren lauhilekoan joatea gomendatu die EHUk ikasleei.

Unibertsitatearen finantzazioari dagokionez, errektoreak esan du ezin dutela murrizketarik onartu. "Krisiaren aurrean daukagun babes bakarrean –osasun eta hezkuntza publikoak– murrizketak egitea azkena da", ondorioztatu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.