Gizartea
Koronabirusa
Alarma-egoera amaituta ere, maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da
Agentziak | Erredakzioa
Hala dio normaltasun berrirako Espainiako Gobernuaren dekretuaren zirriborroa. Aurreikuspena da ekainaren 9an onartzea, asteartearekin.
-
Gasteiz. Argazkia: EFE.
Koronabirusaren pandemiagatik ezarritako alarma-egoera amaituta, alegia, ekainaren 21etik aurrera, maskarak erabiltzeak derrigorrezkoa izaten jarraituko du. Hala dio normaltasun berrirako Espainiako Gobernuaren dekretuaren zirriborroa; aurreikuspena da ekainaren 9an onartzea, asteartearekin, Ministroen Kontseiluan.
Testua autonomia-erkidegoekin ari dira adosten. Dokumentuan islatuta dagoenez, autonomia-erkidegoek izango dute eskumen esklusiboa 3 fasearekin lotutako neurriak "hartu, kendu, modulatu eta gauzatzeko"; salbuespena da zirkulazio-askatasunarekin lotutako neurriak, baldin eta zehaztutako lurralde-unitatea gainditzen badituzte. Gainera, autonomia-erkidegoetako Gobernuek erabakiko dute trantsizio-planaren azken etapa noiz gaindituko duten, "osasun- eta epidemiologia-irizpideak kontuan izanik".
Azken xedapen baten bidez, dekretuak Osasun Sistema Nazionalaren kohesio- eta kalitate-legea aldatu egiten du; hain zuzen ere, eskumena ematen dio Osasun Ministerioari osasun publikoaren arloko jarduerak koordinatzeko, Osasun Sistema Nazionalaren Lurralde arteko Kontseiluaren aurretiko akordioa lortu gabe ere, premiazko beharretako kasuetan.
Dekretuaren zirriborroaren arabera, maskarak erabiltzea derrigorrezkoa izango da sei urtetik gorako herritarrentzat, erabilera publikoko gune itxietan, segurtasun-tarteari eutsiko zaiola ezin bada bermatu, eta aire- eta itsas garraiobideetan, autobusetan, trenetan, eta bederatzi tokirainoko bidaiariek garraio publikoetan (gidaria barne). Ontzietan, argitzen du zirriborroak, ez da beharrezkoa izango geletan.
Ondorengo herritarrak salbuetsita izango dira: "Arnasketa-gaitzaren bat edo arnasketa-zailtasunen bat dutenak, maskarak euren egoera larrituz gero, maskara kentzeko autonomiarik ez dutenak, eta maskara erabiltzea ezinezko egiten duen portaera-aldaketak dituztenak". Halaber, ezinbesteko egoeretan, behar-egoeretan, edo maskara egin beharreko jarduerekin bateraezina denean ere ez da izango zertan erabili, "osasun-agintariek esandakoari erreparatuta".
Osasun Publikoko Lege Orokorrak aurreikusitako beharrak eta prebentziozko neurriak betetzen ez dituztenentzat, zigorrak aurreikusten ditu dekretuak; maskara ez erabiltzeagatik, arau-hauste arintzat hartuko dutenez, 100 euro arteko isuna jarriko da.
Testuinguru horretan, Fernando Simon Osasun Larrialdien Koordinaziorako Zentroaren zuzendariak maskarak udazkenera arte derrigorrezkoak izatearen alde egin du, koronabirusaren kutsatzea saihestea helburu, COVID-19aren "beste agerraldirik dagoen jakin arte".
"Ikusiko dugu nola geratuko den azken bertsioa. Ez da Ministerio bakar baten erabakia, baizik eta Ministerio batzuena", zehaztu du Simonek. Araua, alarma-egoera amaituta sartuko denez indarrean, hainbat erakunderekin adostu beharko dute.
Lan-zentroak, ospitaleak eta hezkuntza-zentroak
Lan-zentroetan, enpresetako zuzendaritzek garbitasun- eta desinfekzio-neurriak hartu beharko dituzte. Halaber, langileen esku ura eta xaboia jarri beharko dituzte, edo gel hidroalkoholikoak, edo desinfektatzailea (Osasun Ministerioak baimendu eta erregistratuta izan beharko ditu, kasu guztietan), langileek eskuak garbitu ahal izan ditzaten.
Lanpostuak, lan-txandak eta lan-baldintzak egokitu beharko dituzte, langileen artean 1,5-2 metro arteko segurtasun-tartea izateko. Hori posible ez balitz, langileei eman beharko dizkiete babesteko ekipoak, arrisku-mailaren araberakoak.
Halaber, lanpostuetan jende asko ez biltzeko neurriak hartu beharko dituzte (langileei, bezeroei eta erabiltzaileei erreparatuta), lagun gehien bildu ahal diren ordu-tarteetan.
Langile batek COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak izanez gero, ez da joango lanpostura, eta segituan deituko du autonomia-erkidegoak edo osasun-zentroak zehaztutako telefonora. Lan-arriskuen prebentziozko zerbitzuekin ere jarriko da harremanetan, beharrezkoa izanez gero.
Ospitaletan, bermatu beharko dute babesteko materialak beharrezko kokapenetan daudela. Halaber, erabilitako guneak garbitu eta desinfektatu beharko dituzte, eta hondakinak kendu. Ekipoak eta instalazioak behar bezala zaindu eta izan beharko dituzte.
Hezkuntza-zentroetan ere izan beharko dituzte ezarrita desinfekzio-, prebentzio eta egokitzapen-neurriak.
Arloan gehiago sakondu gabe, zirriborroak jasota du beharrezkoa izango dela jendetzak saihestea, eta segurtasun-tartea bermatzea. Hori posible ez denean, “kutsadura-arriskuak prebenitzeko beharrezko garbitasun-neurriak” ezarri beharko dituzte.
Babes-etxebizitzetan eta adinekoen eta desgaituen egoitzetan ere izango dira derrigorrezkoak prebentziozko eta garbitasun-neurriak. Zirriborroak dioenez, zainduko dute "bisitak eta paseoak kutsadura-arriskuak prebenitzeko aukera ematen duten baldintzetan" egin ditzatela; horrez gain, edozein agerraldiren aurreko arrisku-planak izan beharko dituzte prest.
Merkataritza-guneetarako, zirriborroak ezarrita ditu edukiera- eta desinfekzio-arauak. Bereziki, arreta handiagoa ematen die "merkataritza-gune eta merkataritza-parkeei, bai eta aire zabalean egitekoak diren merkatuei ere".
Hotelei eta ostatatze turistikoei dagokienez, neurri komunez gain, zirriborroak gune komunak zaintzen ditu bereziki, gizarte-tartea bermatzeko. Ekipamendu kulturaletarako, ikuskizun publikoetarako eta beste jolas-jarduera batzuetarako, bai eta kirol-instalazioetan ere, garbitasun- eta tarte-arau orokorrak beharrezkoak izango dira.
Garraio publikoan (trenbide- eta errepide-garraioan), zirriborroaren arabera, operadoreek jendetzak saihestu beharko dituzte, segurtasun-tartea beteta.
"Aurrekoari kalterik egin gabe, Lur Garraio Zuzendaritza Orokorraren titularra eskaintza egokitu ahalko du, funtzionamendu zuzena bermatzeko, hori aholkatzen duten interes orokorreko arrazoirik izatekotan", dio testuak.
Probintzien arteko aire- eta lur-garraioan, eta aldez aurretik emandako lekuko itsas garraioan, bidaiari guztien informazio jaso beharko dute, eta zerrenda horiek gutxienez lau astez izan beharko dituzte; agintariek eskatuz gero, horien esku jarri beharko lukete informazio hori.
Itsas garraioan, halaber, Merkataritza Nabigazioko zuzendari nagusiak zerbitzuak egokitu ahalko ditu, eta, Osasun Ministerioak hala proposatuta, ahalmena izango du ezartzeko bidaiariak kontrolatzeko osasun-neurriak