Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Autonomia-erkidego gehienak 3 fasera pasatuko dira; Madril eta Bartzelona, 2 fasera

Agentziak | Erredakzioa

Gaztela eta Leon ere pasatuko da 2 fasera; Valentziak, Toledok, Albacetek eta Ciudad Realek fase horretan jarraituko dute. 13 autonomia-erkidego sartuko dira astelehenean 3 fasean.

  • Honela geratu da Espainiako Estatuko mapa, faseei dagokienez

    Honela geratu da Espainiako Estatuko mapa, faseei dagokienez. Agentzietako bideo bateko argazkia.

Espainiako Gobernuak autonomia-erkidegoetako Gobernuen proposamenak aintzat hartu ditu, deseskalatze-planeko egoerari dagokionez, eta onartu du hilaren 8an, astelehenarekin, 13 autonomia-erkidego pasatzea 3 fasera, hau da, hori eskatu duten guztiak pasatzea. Halaber, kasu guztietan erkidegoek hala eskatuta, Madril, Bartzelonako metropoli-barrutia eta Gaztela eta Leon 2 fasera igaroko dira, eta Valentziak, Toledok, Albacetek eta Ciudad Realek (azken hiru horiek, Gaztela-Mantxan) 2 fasean jarraituko dute.

Hala iragarri du Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak, ostiral honetako Ministro Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. Hala, Espainiako Estatuko gehiengoa, datorren astetik aurrera, Pedro Sanchezen Gobernuak ezarritako azken fasean izango da; beraz, martxoaren 14an hasitako konfinamenduaren aurreko jarduera berreskuratzeko atarian izango da.

Autonomia-erkidego gehienek eskatuta zuten hurrengo fase batera pasatzea, eta batzuen eskaria, aldiz, zeuden fasean geratzea zen. Azken hori eskatu zuen Valentziak; Salvador Illaren hitzetan, proposamen hori "zentzuduna" zen. Egoera berria, lurralde guztietan, bi astez izango da indarrean; hau da, ekainaren 22ra arte.

Beraz, Espainiako Estatuko % 52 izango da konfinamendua malgutzeko 3 fasean, hau da, 25 milioi herritar. Hain zuzen ere, Euskadiz eta Nafarroaz gain, hauek sartuko dira azken fase horretan: Andaluzia, Aragoi, Asturias, Balearrak, Kantabria, Extremadura, Galizia, Errioxa, Murtzia, Kanariak, eta Melilla hiria.

Gaztela-Mantxan, Guadalajara eta Cuenca ere 3 fasean sartuko dira, bertako Gobernuak hala proposatuta. Katalunian, Goi Pirinioia eta Aran (Lleida), Terres de l’Ebre eta Camp de Tarragona igaroko dira 3 fasera.

Herritarren % 48, 2 fasean

Astelehenetik aurrera 2 fasean jarraituko dutenek edo fase horretara igaroko direnek ere eskatuta zuen hori bera, alegia, 2 fasera igaro edo 2 fasean geratzea. Egoera horretan izango dira Bartzelona hiria eta bere iparraldeko eta hegoaldeko metropoli-barrutiak, Gironako eta Erdialdeko Kataluniako osasun-eskualdeak, eta Penedes eta Garraf laguntza-kudeaketa barrutiak (horiek guztiak, Katalunian), Valentzia, Madril, Gaztela eta Leon, eta Ceuta. Guztira, Espainiako Estatuko herritarren % 48.

Illak gogora ekarri duenez, 3 fasean autonomia-erkidegoetako presidenteek hartuko dituzte deseskalatzearen gaineko erabakiak, euren erkidegoetan; esate baterako, probintzien edo barneko osasun-unitateen arteko mugikortasuna baimenduko duten ala ez.

3 fasean dauden autonomia-erkidegoetako presidenteek, halaber, erabaki beharko dute alarma-egoeratik ekainaren 21a baino lehen irtengo diren ala ez. Egun horretan amaituko da alarma-egoerako azken luzapena.

Soilik deseskalatze-plana amaituta, hau da, alarma-egoerako neurriak bertan behera utzita, herritarrek aukera izango dute beste autonomia-erkidego batera joateko, baldin eta beste erkidego hori ere ‘normaltasun berria’ izenekoan badago; hau da, alarma-egoeratik irten den beste erkidego batera joan ahalko dira, Espainiako Osasun ministroak azaldu duenez.

Asteartean, Espainiako Gobernuak, Ministroen Kontseiluan, lege-dekretua onartuko du; horren bidez, araututa geratuko da alarma-egoera amaitu eta segituan hastekoa den epea, birusaren aurkako terapia edo txertoa aurkitu arte.

Illaren asmoa da dekretuaren zirriborroa autonomia-erkidegoetako Osasun kontseilariekin partekatzea, ostiral arratsaldean, bilera batean; topaketan, kontseilarien proposamenak hartuko ditu, Espainiako Gobernuaren proposamena aberastea helburu. Hori dela eta, ez du neurririk aurreratu, bilera-aurkezpen hori egin aurretik.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.