Itxi

Gizartea

COVID-19

EBk barneko mugak berriz zabalduko ditu ekainean, eta uztailean kanpokoak

Agentzia | Erredakzioa

“Barneko mugak ekainaren 15etik aurrera berriro irekitzeko akordioa itxi dute herrialde gehienek. Salbuespen batzuk daude, horien artean Espainia”, azaldu du Belgikako Barne ministroak.

  • Italiako muga. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.

    Italiako muga. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.

Pandemiaren ondorioz mugetan aplikatzen ari diren neurriak ekainean zehar bertan behera utziko dituzte Europar Batasuneko herrialdeek, eta kanpoko mugak berriz zabaltzeko prestatzen hasiko dira uztailean, Ylva Johansson Barne komisarioak iragarri duenez.

Europako Barne ministroek bideokonferentzia bidez bildu dira ostiral honetan. Estatu “gehienek” mugetako kontrolak egiteari utziko diote ekainaren 15a baino lehen, eta “beste batzuek” gauza bera egingo dute hilabetea bukatu baino lehen.

“Barneko mugak ekainaren 15etik aurrera berriro irekitzeko akordioa itxi dute herrialde gehienek. Salbuespen batzuk daude, horien artean Espainiak uztailak 1eko data finkatu du”, zehaztu du Pieter De Crem Belgikako Barne ministroak Twitter sare sozialean.

Osasun egoerak hobera egin duela ikusita, neurriak mantentzea eta bidaiak debekatzea zentzurik ez duela esan du Johansson komisarioak, baina aldi berean kontuz ibiltzea eta distantzia soziala mantentzea eskatu du agintariak.

Udako oporraldia jomugan, herrialde batzuek, Frantziak eta Alemaniak esaterako, ekainaren 15etik aurrera mugak berriz zabaltzeko asmoa iragarri dute.

Italiak ekainaren 3an zabaldu zituen, eta Austriak egun bat geroago, Italiarekin duen muga kenduta. Gainera, Suedia, Erresuma Batua edo Espainiatik heltzen direnei 14 eguneko koarentena edo koronabirus proban negatiboa ematea eskatzen die Austriak.

Kanpoko mugak

Bestalde, EBren kanpoko mugak berriro zabaltzeko aukeraren inguruan eztabaidatzen hasi dira ministroak ostiral honetan.

Kanpoko mugak irekitzeko datozen egunetan “koordinazio onarekin” estatuekin elkarlanean aritzea nahi du komisarioak, barneko mugekin egin bezala. Zentzu horretan, Bruselak datorren astean bere jarrera azalduko duela iragarri du.

Barneko zein kanpoko mugak berriz zabaltzeko orduan koordinazioa bermatzeko eskatu diote Espainiak eta Italiak Europako Batzordeari, diskriminaziorik ez gertatzeko.