Gizartea
KORONABIRUSA
Langile guztien "segurtasuna" bermatzea eskatu diete sindikatuek Osakidetzari
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sindikatuen arabera, protokolo aldaketak etengabeak izan dira Osakidetzako ospitaletan, eta COVID-19ak agerian utzi ditu osasun sistemaren hutsuneak.
-
Osasun-langileak, Gurutzetako Ospitalaren atarian, protestan. Argazkia: EFE.
Osasun-langileek protesta-bilkura egin dute, gaur eguerdian, Gurutzetako Ospitalearen atarian COVID-19ak "agerian utzi dituen gabeziak" salatzeko eta Osakidetzari ardurak eskatzeko. Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta ESIko zentroetan ordezkaritza duten sindikatu guztiek (Satse, ESK, ELA, UGT, SME, CCOO, LAB, SAE, UTESE) deituta egin dute elkarretaratzea, 'Eta orain zer?' lelopean.
Sindikatuon aburuz, koronabirusak hankaz gora jarri du osasun-sistema osoa nazioartean, eta EAEren kasuan, "urte batzuk lehenagotik jasaten ari garen murrizketen" ondorioak pairatu ditugu. "Berandu eta gaizki" jokatu dela eta protokolo-aldaketa etengabeak egin direla adierazi dute langileek, eta horrek "kaos eta estres sentsazioa sortu duela" adierazi dute.
Zabaldutako oharrean, protesta deitu duten zentralek esan dute "Osakidetzaren kudeaketa-eredua agortuta" dagoela eta "ez gaudela prest osasun-larrialdietarako". "Premiazkoa da eredu berri bat garatzea, negoziazioan oinarritua, koordinatuta, bizkor eta eraginkortasunez jardun ahal izateko, eta orain arte egindako akatsak ezabatzeko edo minimizatzeko; pazienteei nahiz langileei begira etengabeko hobekuntza lortzeko helburua duen osasun-sistema bultza dezagun", zehaztu dute.
Halaber, erabaki guztietan langileak eta sindikatuetako ordezkariak "alde batera" utzi dituztela gaineratu dute, "alde-bakarreko erabakiak" hartuz: "sindikatuei informazioa zorroztasun gutxirekin bidali digute, espediente-betetzeko soilik".
Hori dela eta, "egindako akatsak ez errepikatzea", "osasun-profesionalak errespetatzea eta aitortzea", eta "osasungintza publikoa garatzea eta indartzea" exijitu dute sindikatuek.
Udazkenean gerta daitekeen gorakadaren aurrean, berriz, langile guztiei "segurtasun-baldintzak" bermatzea ezinbestekotzat jo dute.