Gizartea
Familia eta lan-bizitza
Nafarroako familia gurasobakarrek 500-800 euroko diru-laguntzak eskuragarri dituzte
Agentzia | Erredakzioa
Ekarpen publikoa 500 edo 800 euroko ordainketa bakarrean datza. Diru-laguntza ostiral honetatik aurrera eskatu daiteke azaroaren 2ra arte, programaren 124.200 euroak agortu bitartean.
-
Artxiboko argazkia: EFE
Eskubide Sozialetako Kontseilaritzak Nafarroako familia gurasobakarrak laguntzeko programa martxan jarri du. Honenbestez, seme-alaba adingabeak zaintza esklusiboan dituzten familia monoparentalek diru-laguntzak eskuragarri dituzte dagoeneko.
Ekarpen publikoa 500 edo 800 euroko ordainketa bakarrean datza. COVID-19 pandemiaren testuinguruan familia eta lan-bizitza bateratzeko beharrizana ikusita, neurria abian jartzeko tramiteak azkartu ditu Nafarroako Gobernuak.
Diru-laguntzak familiaren errentaren arabera banatuko dira, eta kasuak banan-banan aztertuko dituzte, hau da, espedienteak eskaera aurkeztutako ordenan ebatziko dira, programako 124.200 euroak agortu arte.
Nafarroako Aldizkari Ofizialak ostegunean eman zuen diru-laguntzen berri. Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, laguntza ostiral honetatik aurrera eskatu daiteke azaroaren 2ra arte.
Laguntza eskatzeko inprimakiak Familia eta Adingabeen Azpizuzendaritzaren bulegoetan eskuragarri daude, baita Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan eta Iruñeko Udalaren Auzo bulegoetan ere. Era berean, Foru Gobernuaren webgunean fitxa bete daiteke.
Diru-laguntzak banatzeko Foru Araua (3 eranskina) maiatzaren 28an argitaratu zuen Nafarroako Aldizkari Ofizialak.
Familia eta lan-bizitza bateratzeko neurri gehiagoren berri eman zuen Foru Gobernuak. Adingabe eta adineko senideak (gaixotasun edo istripuagatik) zaintzeko eszendentzian dauden langileei laguntzeko neurriak, eta familia ugarientzako zein gurasobakarrentzako diru-laguntza ekonomikoak, besteak beste.
2019an 185 familiek eskatu zuten diru-laguntza. COVID-19 pandemiak familia eta lan-bizitza bateratzeko orduan sortu dituen zailtasunak arintzeko neurria interes orokorrekoa dela erabaki du Nafarroako Gobernuak.