Itxi

Gizartea

Emakumeen aurkako indarkeria

4,5 urte arteko zigorrak ezarri dizkiete La Manadako kideei, Pozoblancoko auzian

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Jose Angel Prendari lau urte eta erdiko espetxealdia ezarri diote neska gazteari abusuak egiteagatik eta erasoaren bideoa zabaltzeagatik. Gainerakoei bi urte eta hamar hilabeteko zigorra ezarri diete.

  • La Manadako kideen epaiketa

    La Manadako kideen epaiketa. Irudia: EFE

Kordobako zigor-arloko auzitegiko epaileak urtebete eta sei hilabeteko kartzela-zigorrak ezarri dizkie La Manada taldeko lau kideri –Alfonso Jesus Cabezuelo, Jose Angel Prenda, Antonio Manuel Guerrero eta Jesus Escudero- Pozoblancon neska gazte bati sexu-abusuak egiteagatik.

Halaber, Jose Angel Prendari hiru urteko beste zigor bat ere ezarri dio, gehiegikeriak bideoan grabatu eta sakelako telefonoaren bidez zabalduta biktimaren intimitatea urratu zuela egotzita. Beste hiruei urtebete eta lau hilabeteko zigorrak ezarri dizkie delitu bera leporatuta.

Pozoblancon egindako sexu-abusuen bideoa 2016ko sanferminetan beste neska bati egindako sexu-erasoa ikertzen ari zirenean eskuratu zuen Poliziak, eta epaileak baliozkotzat jo du irudiak froga gisa erabiltzea.   

Epaileak ebazpenean azaldu duenez, sexu-abusu delituetan urtebetetik hiru urtera arteko kartzela-zigorrak aurreikusten dira, baina hilabete batzuk geroago Iruñeko sanferminetan "jarrera are larriagoa" izan zutela ikusita, "gutxiengo legala baino zigor handiagoa" jartzea erabaki du.

Horrela, bada, sexu-abusua eta intimitatearen aurkako delitua egotzita, lau urte eta sei hilabeteko espetxealdia ezarri dio Prendari; eta bi urte eta hamar hilabetekoa, gainerako hiru auzipetuei.

Horrez gain, Cabezuelok isuna ordaindu beharko du biktimari tratu txarrak emateagatik.

Amaitzeko, lau zigortuek 13.150 euroko kalte-ordaina eman beharko diote biktimari eragin dioten kalte pertsonalagatik.