Gizartea
KORONABIRUSA
Bisitak Arabako egoitzetan ekainaren 8tik: ordubete eta aurretiko hitzorduarekin
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Foru erakundeak jakitera eman duenez, adinekoentzako eguneko zentroetako jarduera hilaren 15ean hasiko da, hasiera batean plazen % 50ekin.
-
Adinekoen egoitza. Irudia: EFE
Arabako Foru Aldundiak adinekoen egoitzetan senideen bisitak baimentzea aurreikusten du astelehenetik, hilak 8, aurretiko hitzorduarekin, ordubeteko iraupenarekin eta bisitari bakarrarekin egoiliar bakoitzeko. Ahal dela, beti bisitari berbera izan beharko da, eta maskara eta eskularruak erabili beharko ditu.
Foru erakundeak jakitera eman duenez, adinekoentzako eguneko zentroetako jarduera hilaren 15ean hasiko da, hasiera batean plazen % 50ekin, eta egun horretan berriro jarriko da martxan adimen urritasuna dutenentzako zentro okupazionaletako jarduera.
Horrela, Arabako Aldundiak aurrera egin nahi du konfinamendua malgutzeko prozesuan, isolamendu sozialaren fasea atzean utzita, eta egoitzen kasuan, familiekiko harremanari eta ohiko jarduerei pixkanaka berrekin nahi die.
Egoitzak bisitetarako itxita egon dira martxoaren 13tik kutsatzeak saihesteko. Orain, EAE 3 fasean sartzea aurreikusten denez, pixkanaka ekin nahi zaio berriro normalizaziora iritsi arte, baina betiere COVID-19aren pandemiak zentroetan eta komunitatean izan duen bilakaeraren arabera. Beraz, aldea egon daiteke zentro batetik bestera.
Horrela, bisitak berriz ezartzeko protokoloaren arabera, bisitak aurretiazko hitzorduarekin izango dira, senide bakarra egoiliar bakoitzeko, ahal dela senide bera beti, baina beste batekin txandakatu ahalko da, eta, gehienez ere, egunean ordubetez.
Bisitariari tenperatura hartuko zaio, eta maskara eta eskularruekin egon beharko du. Egoiliarrak ere maskara eraman beharko du.
Topaketa egoitzaren barruan egingo da, gelak dauden aldetik urrun eta ondo aireztatuta eta prestatuta dagoen toki batean.
COVID-19a edukitzeagatik edo prebentzioagatik egoiliarra isolamenduan badago, bisita egiteko baimena emango da, baldin eta horretarako moduluan egiten bada. Horretarako, sarrerako eta irteerako segurtasunezko zirkuitu bat ezarriko da, beste egoiliar eta senide batzuekin gurutzatzea saihesteko.
Horrelakoetan, bisitariak maskara, pantaila, eskularruak, mantalak eta galtzak izan beharko ditu. Ahal dela, pertsona bera izango da, eguneko gehieneko denbora 20 minutura murriztuko da eta kontaktu fisikoa saihestuko da.
Aldi berean, eta egoitzen barruan, bizikidetza sustatzeko ahal diren jarduera guztiak lehenbailehen abiatzea ere bultzatuko da, betiere pandemiaren bilakaeraren arabera. Gehienez ere 10 eta 15 pertsona bitarteko taldeetan egingo da.
Jarduera horietatik eta espazio komunetara joatetik kanpo geratuko dira COVID-19a duten pertsonak eta prebentziozko isolamenduan daudenak.