Gizartea
KORONABIRUSA
Eskubide Sozialen Kartak mobilizazioak deitu ditu ekainaren 19an
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Estatuak konfinamenduan ezarritako "birzentralizazioaren" aurrean, "subiranotasunak" aldarrikatu dituzte, "erabakitzeko gaitasun osoa" izateko.
-
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren sustatzaileak. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Aldaketa sozialaren aldeko kolektibo sindikal eta sozialak biltzen dituen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak mobilizazioak deitu ditu ekainaren 19an euskal hiriburuetan, "lehenik bizitza" aldarrikatzeko, ELAk eta LABek jakinarazi dutenez.
Mobilizazioen berri eman dute asteazken honetan Bilbon, 'Etxean geratu naiz. Orain kalera aterako gara. Burujabetza bizitzak sustengatzeko, lehenik bizitza!' lelopean, baita Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak egindako manifestuaren berri ere. 73 atxikimendu ditu dagoeneko, besteak beste, azken hilabeteetan "bizitzaren aldeko borrokan" nabarmendu diren sektoreetako langileak eta hainbat arlotako pertsona ospetsuak, baita sindikatu eta herri mugimenduetako ordezkariak ere.
Manifestuan adierazten denez, COVID-19ak eragindako konfinamendu egunetan "zerbait ikusezina sartu da gure eguneroko bizitzan, eta normaltasuna aldatu du. Gauzak aldatu egin dira eta ez gara aurreko agertokira itzuliko".
Manifestuan babesten denez, "pertsonen, komunitateen eta planetaren babesa lehenetsi behar da, merkatuaren, onura ekonomikoaren eta jabetza pribatuaren babesaren ordez". "Langileen eta herriaren interesak erdigunean jartzeko garaia da", ohartarazten du, "gobernatzen gaituztenek azken hamarkadetan hartutako neurri neoliberalek kolapso egoera batera eraman gaituztela" salatzeko.
"Sistema kapitalistak, heteropatriarkalak, arrazistak eta kolonialistak kolapsora eraman ditu gure bizitzak" baieztatu ondoren, honakoa salatzen du: "gure herrialdeko egunerokoan, bankuen erreskatea dakarten politikak gauzatzen dira, zerbitzu publikoetan etengabeko murrizketak daude eta soldatapeko lana lan-erreformen eta lanen ikusezintasunaren bidez aseezina den merkatu baten mende jartzen da".
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak landutako testuan, "krisiak aldaketa eta aukera garaiak" izan ohi direla nabarmentzen da, eta eskaera bat egiten da: "gure erabakien jabe izatea gure bizitzak sostengatzeko eta hemen erabakitzeko, gehiengoen araberako politikak garatzeko asmoz".
Manifestuaren sinatzaileek "eredu sozio-produktibo berri bat, norabide aldaketa erradikal bat eta errealitate berri bat" eskatzen dute, "bizitzak erdigunean" jarriko dituena, "lehena bizitza" delako.
"Pertsona guztientzako eskubide guztiak" ere eskatzen dituzte, eta, horretarako, "eskubide sozial guztiak (osasuna, hezkuntza, elikadura osasungarria, etxebizitza, kultura) eta erabakitzeko ahalmena bermatzea ezinbestekoa" dela uste dute.
Ildo horretan, "indibidualismoan oinarritutako eredutik praktika kolektibo-komunitarioak sustatuko dituen eredurako trantsizioa" egitearen aldeko apustua egin dute, "pertsona guztien eskura jarriz dagozkigun bitartekoak eta geure ekarpenak egiteko aukera emanez".
"Alarma-egoeraren baitan hartu diren kontrol neurriak zein estatuaren birzentralizazioaren aurrean, burujabetzak aldarrikatzen ditugu: gure gorputzari buruzko erabakia, gure herriaren etorkizuna, gure proiektu autoeratuak eta gure eredu sozio produktiboa garatzeko ahalmen osoa", azaldu dute.