Gizartea
Koronabuloak
Google eta Apple ez daude COVID-19ari buruzko aplikaziorik instalatzen mugikorretan
EiTB
Bi enpresek garatutako funtzio bat da, osasun-arduradunek beren aplikazioak abiaraz ditzaten, koronabirusarekin infektatutakoen kontaktuen arrastoa jarraitzeko.
-
WhatsApp-en, mezu hau dabil, Googlek ustez mugikorretan instalatzen duen aplikazio batez / EiTB
Ez Google ez Apple ez dabiltza COVID-19ari buruzko aplikaziorik instalatzen mugikorretan, erabiltzaileei ezer jakinarazi gabe, nahiz eta WhatsAppetik zabaldu den mezu batek kontrakoa iradokitzen duen. Mezuak ohartarazten duenez, "Google Covid-19 aplikazio bat instalatzen ari da isilpean", Android sistema eragilearen barruan, "erabiltzaileei jakinarazi gabe".
Aitzitik, bi erraldoi teknologikoek elkarrekin garatutako sistema berri bat da. Sistema horren bidez, osasun-agintari eskudunek koronabirusaz kutsatutakoen arrastoa jarraitzeko xedearekin garatutako aplikazioek ez dute arazorik izango haien sistema eragileetan (Android eta IOS) ibil daitezen. Alabaina, erabiltzaileek horretarako baimena eman beharko dute, eta, gainera, arakatze-aplikazio jakin horiek euren kabuz jaitsi eta instalatu beharko dituzte.
Zenbait erabiltzaile #Koronabuloak ekimenarekin jarri dira harremanetan 600 900 454 zenbakiaren bitartez, mezu horren berri emateko. Telefono hori da koronabirusaren inguruan sortzen diren albiste faltsuei aurre egiteko asmoz EiTBk martxan jarritako WhatsAppari dagokiona, hain zuzen ere. Horrez gain, VOST Euskadi Euskadiko Boluntario Digitalen Elkarteak ere abisu eman digu aipatu mezuari buruz.
Honela dio mezuak (jatorrizkoa, gaztelaniaz):
"Google está instalando secretamente una aplicación de Covid-19 en los móviles
¡Android, el sistema operativo de Google para móviles, está instalando en secreto una aplicación de Covid-19 en los móviles, sin informar a los usuarios!
Si quieres saber si tu móvil está infectado, sigue los siguientes pasos:
Dale a:
1. "Ajustes"
2. "Google"
Si te pone abajo de SERVICIOS "Notificaciones de exposiciones al COVID-19" te la han instalado.
Bienvenido al estado de vigilancia
¿Por qué no sale esta información en los medios españoles?
Si encuentras esta información importante, compártela con tus contactos. Es la única manera de que podamos cambiar algo.
http://t.me/anticensura24
No se puede eliminar, lo he probado y no deja.
¿Nos pidieron permiso?
Comparte por favor."
COVID-19ari buruzko buloei aurre egiteko egitasmoan, Euskal Irrati Telebistak Maldita.es webgunearen laguntza ere badu, besteak beste, eta ekimen horrek dagoeneko landu ditu aipatu mezuan esandakoak Maldita Tecnologia atalaren barruan.
Jakinarazpen-sistema
Horrela, Maldita Tecnologiak azaldu duenez, Googleren Android sistema eragilea daramaten telefonoak ezaugarri berri batekin eguneratzen ari dira. Ezaugarri horren oinarrian jakinarazpen-sistema bat dago, "COVID-19 gaitzaz kutsatutako pertsonen kontaktuen arrastoa jarraitzea helburu duten aplikazioak instalatzeko aukera ematen duena". Funtzionalitate berriari "COVID-19arekiko esposizio-jakinarazpenak" deitu diote, eta haren helburua da "gure mugikorrak abisatu ahal izatea koronabirusa duen pertsona batekin harremanetan egon garela, dagozkion neurriak har ditzagun".
Maldita Tecnologiak esanetan, Googleren kasuan, eguneratzea "Google Play Services izeneko zerbitzu baten bidez egiten da", eta "automatikoki egin daiteke". Ondorioz, gerta liteke erabiltzailea "ez konturatzea esposizio-jakinarazpenen sistema ezarrita duela mugikorrean", zehaztu dute.
Applek, ordea, ohartarazi egiten ditu bere erabiltzaileak sistema eragilearen eguneratzearekin batera jakinarazpen-sistema hori instalatuko zaiela, koronabirusaren eraginpean egon ote diren abisu emateko balio duena.
Ezkerrean, Android gailu batean instalatuta dagoen 'COVID-19arekiko esposizio-jakinarazpenak' funtzioa. Eskuinaldean, iOS sistema eragilea duen telefono baten eguneratzea, beharrezkoa den APIa instalatuko dela jakinaraziz. Argazkia: EiTB
Appleren eta Googleren arteko "ahalegin bateratua"
Google eta Apple multinazional estatubatuarrek apirilaren 10ean aditzera eman zutenez, "ahalegin bateratu" batean zeuden murgilduta, Android (Google) eta iOS (Apple) sistema eragileenpean dabiltzan mugikorrek Bluetooth teknologian oinarritutako aplikazio bereziak instalatzeko gaitasuna izan zezaten. Aplikazio horiek COVID-19az kutsatutakoen kontaktuak bilatzeko balio dutenak dira, hain justu ere.
Tim Cook Apple enpresako zuzendari exekutiboaren txioa, apirilaren 10ekoa, Googlerekin egindako akordioari buruz hitz egiten:
Contact tracing can help slow the spread of COVID-19 and can be done without compromising user privacy. We’re working with @sundarpichai & @Google to help health officials harness Bluetooth technology in a way that also respects transparency & consent. https://t.co/94XlbmaGZV
— Tim Cook (@tim_cook) April 10, 2020
Hartara, maiatzaren 20an, mundu osoko osasun agintariei euren arakatze-aplikazioak abiarazteko aukera ematen dien teknologia aurkeztu zuten bi konpainiek ohar baten bidez bat.
Aplikazioen programazioetako interfaze bat da (API), Androiderako eta iOSerako bateragarria dena. API horiek sistema informatikoak aritzen diren ingurua dira, eta Androideko eta iOSeko APIak haien artean bateraezinak izan ohi dira orain arte.
API berri honek, baina, ahalbidetzen du bien artean komunikazio erraza egotea; horren asmoa da osasun-agintariek sortutako aplikazio ofizialak iOSen zein Androiden deskargatu ahal izan daitezela, eta bildutako informazioa gailuaren informatika-lengoaia guztietan erantsi ahal izan dadila.
Helburua da Appleren eta Googleren mugikorretarako sistema eragileen nonahikotasuna baliatzea, mundu osoko osasun-agintarien esku uzteko mugikortasun- eta herritarren arteko kontaktu-datuak. Hala, koronabirusaren kutsadurak hobeto jarraitu eta iragarri ahal izango dituzte.
Hala, pertsona batek positibo eman duen beste pertsona batekin topo eginez gero, edo interakzioa horren ostean positibo ematen badu, abisua jaso ahalko du telefonoan, eta koarentena egin ahalko du, kutsatzerik izan den ala ez zehazteko.
Maiatzaren 20an, hauxe txiokatu zuen Googleko CEO Sundar Pichaik, Appelerekin batera garatutako teknologia hizpide:
The #COVID19 Exposure Notification technology we built jointly with @Apple is now available to public health agencies in support of their contact tracing efforts. Our goal is to empower them with another tool to help combat the virus while protecting user privacy.
— Sundar Pichai (@sundarpichai) May 20, 2020
Bluetooth teknologia
Zerbitzuak Bluetooth teknologia erabiltzea du oinarri (geolokalizazioa bezain inbaditzailea ez den teknologia da hori), bai eta programetako izaera boluntarioa ere; izan ere, erabiltzaileek deskargatu eta aktibatu beharko dituzte osasun-erakundeen aplikazioak. Eraginkorrak izate aldera, erabiltzaileek beti eraman beharko dute aldean telefono mugikorra, eta Bluetooth sistema aktibo izan beharko dute uneoro. Azken horrek normalean bateriaren gastua handia eragiten badu ere, bi konpainiek garatutako teknologia berriak bateriaren erabilpena txikia izatea aurreikusten du.
Halaber, Googlek eta Applek azaldu dutenez, sistemak behar du "erabiltzaileak esplizituki ematea baimena", eta gehitu dute ez duela biltzen "erabiltzailearen identifikazio pertsonaleko informaziorik, ezta kokapen-daturik ere".
Androideko gailuetan azaltzen den deskribapenaren arabera, erabiltzailearen telefonoak "Bluetooth-a aktibatuta izatea behar du, gertu dauden telefonoekin ausazko IDak modu ziurrean bildu eta partekatzeko". ID horiek automatikoki desagertuko lirateke 14 egunen buruan.
Horrez gain, kokapena aktibatuta izan beharko du ere, gertu dauden gainerako Bluetooth gailuak detektatzeko. Dena den, aipatu desbribapenean aintzat hartuta, "COVID-19arekiko esposizioaren jakinarazpenek ez dute gailuaren kokapena erabiltzen".
Hartara, jakinarazpen-sistema aktibatuta eta erabiltzaileak aukeratu eta bere borondatez instalatutako arakatze-aplikazioa martxan dagoela, azken horrek ahalmena izango erabiltzaileari oharrak bidaltzeko, baldin eta COVID-19aren proba batean positibo eman duen norbaitengandik gertu izan bada.
Azkenik, erabiltzaileak berak test batean positibo emango balu, baimendutako aplikazioaren bidez partekatu ahal izango luke, "beste erabiltzaile batzuek jakinarazpena jaso dezaten, datu anonimoekin".
'COVID-19arekiko esposizio-jakinarazpenak' funtzioaren deskribapena, Android gailu batean (azalpenak, gaztelaniaz). Argazkia: EiTB
Euskal Irrati Telebista Maldita.es atariarekin, VOST Euskadirekin eta Eva Caballerok Radio Euskadin duen La Mecanica del Caracol dibulgazio-saioko komunitate zientifikoarekin ari da elkarlanean, koronabirusaren inguruan azaltzen diren albiste faltsu eta zurrumurruei aurre egiteko asmoz.