Gizartea
Koronabirusa
Baliteke 3 fasean beste probintzia edo autonomia-erkidego batera bidaiatu ahal izatea
Agentziak | Erredakzioa
Alarma-egoeraren seigarren eta azken luzapenak ekar lezakeen aukera da, Jose Luis Abalos Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendarako ministroak azaldu duenez.
-
Huelvako denda baten sarrera. Argazkia: EFE.
Alarma-egoeraren seigarren eta azken luzapenarekin batera, 3 fasean dauden autonomia-erkidegoetako probintzien artean edo 3 fasean dauden autonomia-erkidegoen artean bidaiatzeko aukera egon liteke, Jose Luis Abalos Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendarako ministroak azaldu duenez.
"Baliteke mugikortasuna izatea autonomia-erkidego baten barruan, edo fase berean dauden autonomia-erkidegoen artean", azaldu du Abalosek TVEko elkarrizketa batean (Europa Pressek jaso du elkarrizketa hori).
Espainiako Gobernuak alarma-egoerako seigarren luzapena eskatuko du asteazkenean Diputatuen Kongresuan. Luzapen horretan, aurreikuspena da 3 fasera pasatuko diren autonomia-erkidegoen esku uztea iraupena eta baldintzak, mugikortasunarekin lotuta dagoena izan ezik. Hain zuzen ere, Espainiako Gobernuak jarraituko du arlo hori kontrolatzen.
Abalosek azaldu duenez, alarma-egoera Espainiako Estatu osoan ekainaren 21ean amaituko balitz, ez da posible izango mugikortasuna orain arte bezala murriztea. Baina ekainaren 7tik aurrera, azken luzapenarekin, 3 fasean dauden lurraldeek, hala erabakitzen badute eta pandemiaren bilakaerak ahalbidetzen badu, aukera izango dute "mugikortasun-maila jakin bat ezartzeko, autonomia-erkidego baten barnean, eta fase berean dauden autonomia-erkidegoen artean ere", zehaztu du Abalos ministroak.
Asteazkenerako, luzapena onartuko duten ala ez erabakitzeko Kongresuan egingo duten bozketari begira, Espainiako Gobernuak ziurtatuta ditu EAJren babesa eta ERCren abstentzioa. Ciudadanosen botoari dagokionez, Abalosek gogora ekarri du alderdi horrek, orain arte, luzapen guztiei eman diela baiezkoa, eta alarma-egoerari ekainaren 21era arte eustea justifikatzen duten osasun-baldintzak ez direla aldatu. Hori bai, zehaztu du berak ez dituela zuzentzen negoziazio horiek, taldeekin.
Espainiatik kanpo heldutako turistei ezarritako koarentena ekainaren 21ean utziko dute bertan behera Balearretan
Gainera, Abalosek berretsi du Balearretako presidente Francina Armengolek emandako informazioa, alegia, Espainiatik kanpo heldutako turistei ezarritako koarentena ekainaren 21ean utziko dutela bertan behera artxipielagoan, alarma-egoera amaituta. Espainiako Gobernuaren hasierako aurreikuspena da, berez, uztailaren 1ean, uztea bertan behera koarentena hori.
Abalosek azaldu du asmoa dela "korridore ziurretako" proiektu pilotua abian jartzea, koronabirusaren kutsadura-maila txikiak dituzten lekuetara doazen hegaldietarako, bai eta leku horietatik irtetekoak diren hegaldietarako ere. Kanariak ere egoera horretan dago.
Balearretan eta Kanarietan egingo dituzten proba horiek balioko dute, hortaz, Espainia osoan turismoarekin lotutako egitekoa den zabaltzea prestatzeko, gehitu du.