Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Egoitzetan zer gertatu den ikertzeko eskatu dute pentsiodunek

Agentziak | Erredakzioa

Arabako Pentsiodunen Mugimenduak pandemian zehar Euskal Autonomia Erkidegoko egoitzetan gertatutakoa ikertzera deitu ditu Arartekoa eta Fiskaltza.

  • Pentsiodunen protesta, Gasteizen

    Pentsiodunak kalera irten dira berriz. Irudian, Gasteiz. Argazkia: Efe.

Arabako Pentsiodunen Mugimenduak eskutitz bat bidali die Arartekoari eta Arabako Fiskaltzari, COVID-19aren pandemian lurralde horretako eta Euskal Autonomia Erkidego osoko adinekoen egoitzetan “zer gertatu den ikertzeko” eskatze aldera.

Ehunka pentsiodun Euskal Herriko kaleetan batu dira ostera ere, euren aldarrikapenak gizarteratzeko, hala nola 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatu eta adinekoen egoitzetan izandako heriotzen aurrean “haserrea” agerrarazteko.

Arartekoari eta Fiskaltzari ez ezik, Arabako Pentsiodunen Mugimenduak Ramiro Gonzalez lurraldeko ahaldun nagusiari ere idatzi dio, Aldundiak kofinamenduan egoitzak nola kudeatu dituen azal diezaien, eta Emilio Sola Gizarte Politiken diputatuarekin biltzea eskatu dute.

Bilbon, bizitzeko gutxieneko diru-sarrerarekin aurreztutako kopurua beste alderdi batzuetara bideratzea eskatu diote protestariek Eusko Jaurlaritzari: diru-sarrerak bermatzeko errenta handitzeko, gizarte-laguntza hori jende gehiagorengana zabaltzeko eta gutxieneko pentsioak “egun baino gehiago” osatzeko.

Gainera, pentsiodun askorentzat maskarek ekarri duten arazo ekonomikoa konpontzea ere galdegin dute, hilean 30 euro direla gaineratuta.

Donostian, Maite Peña Gizarte Politikako diputatuarekin biltzea eskatu du Gipuzkoako pentsiodunen elkarteak, 167 heriotza zenbatu dituzten lurraldeko egoitzetan gertatu denaren berri eman dezan.

Gaurko protestan bildutakoek Alderdi Ederreko asteleheneko kontzentrazioei berriz ekitea erabaki dute.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.