Itxi

Gizartea

Deseskalatzea

Ekainaren 8an 3 fasean sartzea eskatu du Euskadik

Agentziak | Erredakzioa

Espainiako Gobernua mugikortasunarekin lotutakoaz soilik arduratuko da. Jaurlaritzak eskatu du lurralde historikoetatik murriztapenik gabe ibiltzea, eta aldameneko erkidegoetara joan ahal izatea.

1:29
EAEn probintzia batetik bestera mugitzeko baimena izango dugu

Eusko Jaurlaritzak eskatu du Euskadi ekainaren 8an, astelehenarekin, pasatzea deseskalatzearen 3 fasera. Astelehen honetako arratsaldean eskatu du, Espainiako Gobernuarekin egindako aldebiko bilera telematikoan.

Fase horretan, Iñigo Urkulluk zuzendutako Jaurlaritzaren asmoa da euskal herritarrak murriztapenik gabe ibiltzea Euskadiko hiru lurralde historikoetatik; halaber, eskaria egin dio Espainiako Gobernuari aldameneko autonomia-erkidegoetara ere bidaiatu ahal izatea, hau da, Nafarroara, Errioxara, Gaztela eta Leonera eta Kantabriara. Urkullu lehendakariak kudeatuko du deseskalatzearen 3 fasea.

Nekane Murga Osasun sailburuak esan duenez, Eusko Jaurlaritzaren iritzia da Euskadi ekainaren 8an pasatuko dela 3 fasera: "Datuek hala baliozkotzen dute".

Ekainaren 8an Euskadi 3 fasean sartzea eskatuko du gaur, astelehena, Iñigo Urkullu lehendakariak. Eskaria, alegia, Euskadi 3 fasera ekainaren 8an pasatzea Jaurlaritzak astelehen honetan eskatuko zuela, iragarrita zuen lehendakariak, erkidegoetako presidenteek Pedro Sanchez Espainiako presidentearekin egindako bideokonferentzian, EAJk eta PSOEren gobernuak larunbatean egindako akordioaren ostean. Horren arabera, Urkulluk EAEn ezarriko diren neurriak kudeatzeko eskumena izango du.

3 fasetik aurrera erkidegoetako gobernuek kudeatuko dute deseskalatze prozesua, eta mugikortasunarekin lotutako murrizketak bakarrik geratuko dira Espainiako Gobernuaren esku.

Gainera, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak baieztatu egin du Kongresuari alarma-egoeraren "azken luzapena" eskatuko diola. 15 eguneko iraupena izango du, eta ezaugarri "oso diferenteak", "askoz arinagoak". Azken luzapena "beharrezkoa" dela azpimarratu du Sanchezek, koronabirusaren deseskalatze prozesua bukatu ahal izateko.

Besteak beste, erkidegoek deseskalatzearen erritmoa kontrolatuko dute eta alarma-egoera ekainaren 21a baino lehen altxatzea eskatu ahalko diote Espainiako Gobernuari.

Espainiako presidenteak ohartarazi du "zuhurtziaz" jokatzen jarraitu behar dela, osasun neurriak errespetatuz, "birusak berriro gora egitea saihesteko", "benetako arriskua" dagoelako, Espainian eta mundu osoan.

Bestalde, koronabirusaren pandemiaren ondorioz izandako aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen hobariak irailera arte luzatzea eskatu dio Iñigo Urkullu lehendakariak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari igande honetan izandako erkidegoetako presidenteen bideokonferentzian.

Horrela, COVID-19agatik kalterik handiena jasan duten alorrek, "merkataritzak, ostalaritzak, turismoak eta industriak", Gizarte Segurantzako kuoten hobaria jasotzen jarraituko lukete. Gainera, Urkulluk egindako beste proposamen bat da botiken koordainketa dutenek maskara kirurgikoen eta higienikoen BEZik ez ordaintzea.

Susperraldi ekonomikoa

Susperraldi ekonomikorako Europako Batzordeak prestatutako "Next Generation Europe" tresna ere izan du mintzagai lehendakariak, esanez "ingurugiroaren, energiaren, digitalizazioaren eta teknologiaren erronkak" jasotzen dituela, eta horiek jartzen dituztela, hain justu, jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren susperraldiaren abiapuntu.

Horren harira, Pedro Sanchezi eskatu dio argitzeko plan horren diru-laguntzak, jakiteko izango diren "itzuli behar ez diren dirulaguntzak" edo "herrialde bakoitzak itzuli beharko dituen maileguak".  

"Zuhurtzia mantendu"

Horrez gain, lehendakariak bat egin du osasun agintariekin, eta "zuhurtzia eta zorroztasun handienarekin" jokatzeko eskatu du babes eta prebentzio neurriak betetzeko orduan. "Ezin dugu atzerapausorik onartu hilabeteetako konpromisoaren eta ahaleginaren ostean", azaldu du.

Horregatik, dei argia egin dio gizarte osoari, haur, gazte zein helduei: "Ez dugu pentsatu behar adineko pertsonei eta talde zaurgarriei bakarrik eragiten dien gauza dela".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.