Itxi

Gizartea

Etxebide

Babeseko etxe bati uko egitea ez da eskatzaileen zerrendatik kentzeko arrazoi izango

Agentzia | Erredakzioa

Bilbotar batek Arartekoarengana jo zuen, Udaleko Etxebizitza erakundeak etxebizitza erregistrotik kendu ondoren. Arartekoak herritarrari arrazoia eman dio orain.

  • Etxebizitzak Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE

    Etxebizitzak Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE

Aurrerantzean babes ofizialeko etxe bati uko egitea ez da eskatzaileen zerrendatik kentzeko arrazoi izango, Etxebizitza Sailak ebazpen batean erabaki berri duenez.

Bilbotar batek Arartekoarengana jo zuen, Udaleko Etxebizitza erakundeak etxebizitza erregistrotik kendu ondoren. Era berean, Bizkaiko Etxebizitza Lurralde Ordezkaritzak Etxebiden automatikoki baja eman zion. Arartekoak herritarrari arrazoia eman dio orain.

Gurasobakarreko familia osatzen zuela azaldu zuen herritarrak. Udaleko Etxebizitza erakundeak babes ofizialeko etxebizitza bat alokairuan eman zion (52 metro karratu eta hilean 335 euro). Hasierako hornidura eta komunitate gastuak gehitu behar zitzaizkion.

Azken 20 urteetan merkatu pribatuko etxebizitza bateko maizter zela azaldu zion herritarrak erakundeari, eta hilean 300 euro ordaintzen zituela.

Bere egoera ekonomiko "zaila" deskribatu eta egiaztatu zuen. Lanaldi erdia, diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako diru-laguntza osagarria jasotzen ari zen. Horrela, Udaleko Etxebizitza erakundearen proposamena egokia ez zela iruditu zitzaion, "bere ekonomiaren eta zaintzapean duen adingabearen kalterako". Ondorioz, eskaintzari uko egin zion, baina eskatzaileen zerrendan jarraitzea eskatu zuen.

Udalak ez zituen herritarraren argudioak onartu eta baja eman zion, "arrazoi objektiborik" ez zegoelako. Era berean, Lanbidek diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako diru-laguntza bertan behera utzi zizkion.

Arartekoak Bilboko Udalari eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari laguntza eskatu zien. Etxebizitza eskatzaileen udal zerrendatik kentzen dituzten pertsonei Etxebiden automatikoki baja ematen zaizkiela erantzun zuen Sailak.

Etxebizitza Sailak, ostera, oraintsu irizpidez aldatu duela jakinarazi zion Arartekoari. Horrela, eskatzaile bilbotarraren baja eraginik gabe uzteko ebazpena onartu du.