Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Hondartzetan erantzukizuna eskatu du Jaurlaritzak: COVIDak gure artean jarraitzen du

Agentziak | Erredakzioa

Juanjo Aurrekoetxeak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko zuzendariak, Euskadi 2 fasean dagoenetik lehen asteburu honetan aurreikusi diren tenperatura altuak direla eta, egin du apelazio hau.

  • Donostiako Kontxako hondartza

    Donostiako Kontxako hondartza. Argazkia: EFE.

Osasun Sailak hondartzak eta beste bainu eremu batzuk arduraz erabiltzeko eskatu die herritarrei, COVID-19k "gure artean jarraitzen duelako eta oraindik kutsadurak sor daitezkeelako", eta gune horien erabilera "dinamikoa" gomendatu du, hau da, paseoak, bainua eta uretako jarduerak egiteko.

Juanjo Aurrekoetxea Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko zuzendariak Euskadiko 2 faseko lehen astebururako tenperatura altuen aurreikuspenaren aurrean egin du apelazio hori; izan ere, asteburu honetan hondartzetara bainu hartzera joateko aukera zabalik dago, eta, horren ondorioz, hareatzetara joatea "jende askorentzat plan erakargarria" izango da, egunotan ikusten ari garen bezala.

Hala ere, erantzukizunez eta zuhurtziaz jokatzeko deia egin du, koronabirusaren transmisioa saihesteko, "erronka kolektiboa" baita, eta "erakundeei eta herritarrei" eragiten baitie.

"Garrantzitsua da gune horien erabilera arduratsua egitea. Ezin dugu begi-bistatik galdu birusak gure artean jarraitzen duela eta oraindik kutsadurak sor daitezkeela; ondorioz, oso zuhurrak izan behar dugu ", laburbildu du.

Prentsa ohar baten bidez, Osasun Sailak hondartzen eta urtegien kudeaketan inplikatuta dauden eragile eta erakundeei ere eskatu die irizpideak eta gomendioak betearaztea, pilaketak saihesteko.

Osasun Sailak, gainera, "hondartzak dinamikoki erabiltzea" gomendatzen du, hau da, paseoak, bainuak edo uretako jarduerak egiteko erabiltzea.

Gainera, pasealekuetarako, bi metroko distantziari eutsi ezin bazaio, maskara erabili beharko dela gogorarazi dute.

Osasun Sailak azaldu du, azkenaldian gaixotasunaren susperraldiak izan direla hainbat herrialdetan, eta, hondartza bezalako espazio publiko batean kutsatuz gero, kontaktuak bilatzea "ezinezkoa" izango litzatekeela.

Duela gutxi, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak gida bat egin du hondartzen kudeaketan diharduten eragile eta erakundeei transmisio-arriskua minimizatuko duten kontingentzia-planak egiten laguntzeko.

Gida honek hainbat gomendio edo aholku jasotzen ditu, hala nola, edukiera eta sarbideen kontrola mantentzea, hondartzan egonaldi laburragoak planifikatzea pertsona gehiagori erabiltzeko aukera emanez, edo itsasgoretan ezarritako arauak errespetatzea.

Nekane Murgak zuzentzen duen sailak zehaztu duenez, hondartzetan eta urtegietan COVID-19a transmititzeko bide nagusia eztularekin eta doministikuekin sortzen diren arnas jariakinen bidez eta pertsonen arteko kontaktuaren bidez ematen da.

"Jolas-jardueretan, bainua hartzeko baldintza estandarrak dituen urarekin kontaktua izateagatik koronabirusak eragindako infekzioa ez da ematen", gaineratu du.