Gizartea
Koronabirusa
129 pertsona kaltetu eta 1.478 sendatu dira Bizkaiko egoitzetan
Agentziak | Erredakzioa
155 egoitzetatik 29k koronabirusa baieztatuta duten erabiltzaileren bat dute.
-
Bi osasun-langile erabiltzaile bati COVID-19 detektatzeko proba bat egiten. Argazkia: EFE.
Mendekotasun-egoeran dauden adinekoentzako Bizkaiko egoitza-zentroen sareak 129 erabiltzaile ditu, eta horietatik 18 ospitaleratuta daude. Gainera, 1.478 egoiliarrek gainditu dute gaixotasuna, Bizkaiko Aldundiak jakinarazi duenez.
Gizarte Ekintza Saileko Ikuskaritza eta Kontrol Zerbitzura asteazkenean, maiatzak 27, helarazitako datuen arabera, adinekoentzako 155 egoitzetatik 29k dute koronabirusa atzemateko proban positibo eman duen erabiltzaileren bat.
Bizkaiko egoitza-sareak 10.748 plaza ditu, eta 129 erabiltzailek COVID-19a dute, 48 ordu lehenago egindako zenbaketan baino 28 gutxiago. Horietatik 18 erietxean daude, eta, ondorioz, ospitaleratzeen kopuruak bere horretan jarraitzen du egun hauetan.
Gainera, koronabirus bidezko infekzio-kasuak artatzeko unitate soziosanitario espezializatuetan 18 pertsona daude, eta egoitza-sareko 7 erabiltzaile daude Birjinetxen eta Unben.
Bestalde, Bizkaiko egoitzetako 75 langilek dute koronabirusa, aurreko zenbaketan baino 15 gutxiago, eta 109 langile isolamenduan daude, baina oraindik ez dute baieztatu COVID-19a duten, duela bi egun baino 11 gutxiago.
COVID-19aren osasun-krisia hasi zenetik, 279 pertsona hil dira koronabirusarekin Bizkaiko egoitzetan, eta 32k sintoma bateragarriak zituztela, Bizkaiko Foru Aldundiak maiatzaren lehen hamabostaldiaren amaieran emandako azken datuen arabera.