Itxi

Gizartea

KORONABULOAK

Mezu elektroniko faltsuak bidaltzen ari dira Aduana Sailaren izenean

EITB

Iruzur ahalegin bat da, ustezko pakete bat jasotzeko aduana-tarifengatik 50 euro ordaintzea eskatzen duena.

  • Aduana Sailaren izenean bidalitako mezu elektroniko faltsuaren irudia.

    Aduana Sailaren izenean bidalitako mezu elektroniko faltsuaren irudia. Argazkia: EiTB

Espainiako Zibersegurtasun Insitutuaren (INCIBE) barruan dagoen Internauten Segurtasunerako bulegoak (OSI) ohartarazi duenez, Aduana Sailaren izena baliatuta mezu elektroniko faltsuak bidaltzen dabiltza. Mezu horietan, 50 euro ordain ditzala eskatzen zaio jasotzaileari, aduanan omen dagoen pakete bat jaso ahal izateko ordaindu behar dituen ustezko aduana-tarifengatik. Alabaina, iruzurra da.

Koronabirusaren pandemiaren garaian, oso ohikoa bihurtu da Internet bidez Europar Batasunean zein Europar Batasunetik kanpo dauden herrialdeetatik datozen produktuak erostea. Hori dela eta, egokia iruditu zaigu gai hori EiTBren #Koronabuloak ekimenetik lantzea, hau da, COVID-19arekin lotutako gezurrezko albisteak eta buloak geldiarazteko ahaleginean dabilen egitasmotik.

OSIren Twitterreko argitalpena iruzurraz ohartarazteko:

Zertan datza mezua?

Hala, OSIk jakinarazi du iruzurrezko mezu elektronikoaren gaiaren eremuan "Jakinarazpena: ESKUALDEKO ADUANA SAILA" testua azaltzen dela, eta "Zerga Agentzia" izenarekin sinatuta datorrela. Aitzitik, kontu igorlea ez dagokio Zerga Administrazioko Estatu Agentziako Aduana Sailari, ezta Correos zerbitzuari ere.

Mezuari sinesgarritasun handiagoa emateko, pakete baten irudia eransten zaio, Espainiako Polizia Nazionalak iruzurrari buruz argitaratutako txioan ikus daitekeen bezala:

Mezuan adierazten denaren arabera, "Indarrean dagoen aduana-araudia aintzat hartuta, Europar Batasunetik kanpoko herrialde batetik 200 eurotik gorako merkataritza-balioa duen edozein inportazio eginez gero, zergak ordaindu behar dira, erositako produktua zer motakoa den kontuan izan gabe". Informazio hori ere ez da zuzena; izan ere, Internet bidez erosketak egiten dituzten edo partikularren bidalketak jasotzen dituzten norbanakoek ordaindu behar dituzten aduana-zergak beste batzuk dira, Zerga Agentziaren webgune ofizialean ikus daitekeenez.

Hala eta guztiz ere, erabiltzaileari 50 euro ordaintzeko eskatzen zaio, anonimotasuna errazten duen zerbitzu ezezagun baten bidez (Paysafecard), ez baita inongo banku-konturekin harremantzen. "PIN kode bati lotutako diru-karga bat besterik ez da egiten, eta kode horrekin hainbat establezimendutan ordain daiteke", azaldu du OSIk.

Gainera, PIN kodea bidaltzeko eskatzen den helbide elektronikoaren gainean sakatuz gero, haren guztiz desberdina den beste helbide bat kargatuko zaio erabiltzaileari oharkabean, eta helbide hori iruzurgileena dena.

Ondorioz, PIN kodea iruzurgileengana irizten bada, haiek ordainketak egiteko erabil dezakete kodea erosi duen pertsonaren baimenik behar izan gabe.

Zer egin iruzur honen biktima bagara?

Horrelako mezu elektroniko bat jaso eta delitugileei Paysafecard zerbitzuan erositako PIN kodea bidali dutenei OSIk gomendatzen die zerbitzuarekin harremanetan jartzea, kode hori bertan behera utzi dezaten, haren bitartez dirurik kobratu ezin izateko. Izan ere, iruzur baten biktima izan dira.

Euskal Irrati Telebista Maldita.es atariarekin (Maldito Bulo atalaren bitartez), VOST Euskadirekin eta Eva Caballerok Radio Euskadin duen La Mecanica del Caracol dibulgazio-saioko komunitate zientifikoarekin ari da elkarlanean egun hauetan, koronabirusaren inguruan azaltzen diren albiste faltsu eta zurrumurruei aurre egiteko asmoz.

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.