Gizartea
Koronabirusa
Mugako zirkulazioa errazteko neurriak proposatuko ditu Jaurlaritzak
agentziak | erredakzioa
"Egunerokoan" lanera joateko edo osasun arrazoiengatik Iparraldetik Hegoaldera, edo alderantziz, muga zeharkatzen dutenak salbuespenen artean sartu nahi ditu.
-
Nafarroaren eta Ipar Euskal Herriaren arteko muga. Argazkia: Efe
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak iragarri du Espainiako eta Frantziako estatuen arteko mugikortasuna debekatzen duen arauaren salbuespen zerrenda "zabaltzeko" proposamena egingo dutela Europar Batasunarekin Lotutako Gaien Batzarrean (CARUE), egungo zerrenda "oso murriztailea" dela iritzita.
Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan galdetu diote Erkorekari Iñigo Urkullu lehendakariak aurreko igandean gai horren inguruan aurkeztu zuen proposamenari buruz.
Horri erantzunez azaldu duenez, lehendakariaren ekimenarekin COVID-19aren pandemiagatik ezarritako mugikortasun mugetan jasotako "salbuespenak ugaritu" nahi dituzte.
Erkorekak gogorarazi du bi estatuen arteko joan-etorrietarako ezarritako debeku orokorrean salbuespen batzuk badaudela, eta lehendakariaren asmoa horiek "ugaritzea" dela.
Adibidez, mugen bi aldeetako lankidetzarako proiektuetan lan egiten ari direnentzat zabaldu nahi du; "egunerokoan" lanera joateko edo osasun arrazoiengatik Iparraldetik Hegoaldera, edo alderantziz, muga zeharkatzen dutenak salbuespenen artean sartu nahi ditu.
Proposamenak Ipar Euskal Herrian bigarren etxebizitza duten Hego Euskal Herriko herritarren joan-etorriak errazteko aukera jasoko ote duen galdetuta, Erkorekak erantzun du aztertu egin beharko litzatekeela hori "egunerokoan" sartzen den, ez baita aukera hori "zehazki" proposamenean agertzen.