Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Bizkaiak egoitzetako bisiten araudi berria onartu du

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Egoitza bakoitzak dokumentu bat egin beharko du protokolo zehaztuarekin, bere egiturara eta ezaugarri zehatzetara egokituta.

  • Zaharren egoitza

    Gutxienez, bost egunean behin bisita bat egin ahal izango da. Argazkia: EFE

Bizkaiko Foru Aldundiak araudi berri bat onartu du mendekotasun egoeran dauden adinekoentzako, ezintasunen bat duten pertsonentzako, gaixotasun mentala duten pertsonentzako eta lurraldean babesgabetasun-egoera baimendua duten adingabeentzako egoitza-zentroetan bisitak egiteko, eta asteazken honetan jarriko da indarrean. Egoitza bakoitzak dokumentu bat egin beharko du, bere egiturara eta ezaugarri zehatzetara egokitutako bisitetarako protokolo zehaztua bilduko duena.

Bizkaiko Foru Aldundiak esan du senideen eta hurbilekoen bisitak "funtsezkoak" direla egoiliarren "ongizate emozionalerako". "Familiarekin edo hurbilen dauden pertsonekin harremanetan jartzea edozein zentrotan bizi diren pertsonen eskubidea eta beharra da. Gainera, adineko edo urritasunen bat duten pertsonen eta haien hurbilekoen sufrimendua eta narriadura psikologikoa prebenitzeko neurri bat da", azpimarratu du.

Ildo horretan, eta "pandemiari eusteak bilakaera positiboa izan duela eta esparru guztietan deseskalatze orokor bat hasi dela kontuan hartuta", foru-erakundeak bisiten erregulazio berri bat onartu du, "errealitate berriarekin hobeto datorrena, betiere, bisitariaren eta egoiliarraren artean birusa transmititzea saihesteko beharrezko mugen barruan, osasun-berme guztiak beteta eta kontrol-neurri zorrotzak hartuta".

Bisitak eskuen garbiketan eta arnas higieneko neurrietan oinarrituz egingo dira, norbera babesteko ekipamenduak erabiliz. Pertsona egoiliarra COVID-19arekin gaixo badago, norbera babesteko ekipamendu osoak erabili beharko ditu: maskara, eskularruak, pantaila, galtzerdiak eta bata. Gainera, topaketak antolatuko dira, zentroko beste edozein pertsonarekiko gutxieneko distantzia 2 metrokoa izatea segurtatzeko.

Bost egunean behin, gutxienez bisitaldi bat egin ahal izango da egoiliar bakoitzeko, eta, ahal dela, pertsona berak egingo du. Zentroak baimena eman ahal izango du "bisiten maiztasuna eta aniztasunak handiagotzeko, egoiliarraren egoera pertsonalaren, loturaren eta osasun-alertaren arabera", eta ordutegiak bisitarien artean gurutzatzea saihesteko moduan programatu beharko dira.

Zentroko arduradun batek higiene-arauak aplikatzen direla eta ezarritako babesak erabiltzen direla gainbegiratuko du, tenperatura hartuko du eta bisitariari galdetuko dio birusarekin lotutako sintomarik baduen; kasu horretan, bisita bertan behera utziko da.

Topaketak, ahal den neurrian, bizigarritasun-eremutik kanpo egingo dira, eta egoiliarraren logela saihestuko da, "ezinbesteko kausak" salbu.

Egoiliarrari kanpoko objektuak entregatzea saihestuko da, eta, entregatuz gero, non utzi behar diren jakinaraziko da, egoiliarrari eman aurretik desinfektatu ahal izateko. Egoiliarrak, ahal den guztietan, maskara eraman beharko du eta gel hidroalkoholikoa erabili beharko du bisitaren aurretik eta ondoren.

Foru Agindua asteazken honetan, maiatzaren 27an, jarriko da indarrean, behin Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratuta, eta indarrean jarraituko du pandemiak eragindako osasun-krisiaren inguruabarrak aldatzen ez diren bitartean.