Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

5 hildako EAEn eta 2 Nafarroan azken orduetan COVID-19aren ondorioz

Agentziak | Erredakzioa

Guztira, 11 kasu berri baieztatu dituzte PCR proben bidez azken 24 orduetan: 6 EAEn eta 5 Nafarroan.

  • Hainbat pertsona Donostiako hondartzan.

    Hainbat pertsona Donostiako hondartzan. Argazkia: EFE

Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, 5 pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) azken 24 orduetan; beraz, orain arte 1505 hildako zenbatu dira. Horrez gain, 6 kasu berri baieztatu dira PCR proben bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astearte honetan emandako datuen arabera (asteleheneko 24:00ak arte bildutakoak).

Horrela, koronabirusak eragindako pandemiaren bilakaera beheranzko joera izaten ari dela erakusten dute gaurko datuek; izan ere, hildakoen kopurua 10etik beherakoa izan da. Osasun Sailak jakitera eman duenez, gaitza atzemateko 3661 detekzio-proba egin zituzten atzo: 2331 PCR eta 1330 test azkar.

Azken orduetan, 6 kasu atzeman dituzte EAEn PCR proben bidez (13.484 positibo guztira) eta 75 test serologikoen bidez (5985), Eusko Jaurlaritzaren arabera; beraz, 19.469 kasu baieztatu dira orain arte.

Bizkaian atzeman dituzte PCR bidez azken sei kasu horiek, eta bertan baieztatu dituzte orain arte positibo gehien (7582 guztira). Araban (3000) eta Gipuzkoan (2313), ordea, ez dute kasu berririk atzeman azken 24 orduotan, bigarren eta seigarren egunez jarraian, hurrenez hurren.

Bizkaian baieztatutako kasuei dagokienez, Barakaldon (1), Bilbon (2), Leioan (1), Santurtzin (1) eta Sestaon (1) bizi dira azken 24 orduetan PCR bidez egindako probetan positibo eman duten pertsonak.

Horrez gain, Euskaditik kanpo bizi diren herritarrei egindako probetan 589 kasu positibo atzeman dituzte orain arte EAEn, baina horietako bat ere ez azken 48 orduetan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez.

Osasun arloko krisi hau hasi zenetik, Euskadin 187.450 PCR proba eta 107.730 test azkar egin zaizkie 163.993 pertsonari (paziente askori behin baino gehiagotan egin zaizkie probak).

PCR proben bitartez, pertsona batek une horretan bertan birusa duen edo gaixo dagoen jakin daiteke. Test azkarrek, berriz, pertsona bat kutsatuta egon den ala ez jakinarazten dute, baina ez dute zehazten gaixotasuna garatu duen, oraindik duen edo dagoeneko sendatuta dagoen; izan ere, test azkarrek pertsona batek hartutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen dituzte, eta, beraz, iraganeko infekzio bat isla dezakete.

Eusko Jaurlaritzaren arabera, azken 24 orduetan 113 pertsona sendatu dira (17.530 guztira). Bestalde, EAEn kutsatzeen indizea batetik beherakoa da (0,69). Zehazki, kutsatu bakar batek batez beste zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du horrek.

Osasun Sailaren esanetan, koronabirusaren eraginez zainketa intentsiboetako unitatean artatu behar izan dituzten pertsonen kopuruak behera egin du, atzo zabaldutako datuekin alderatuta 5 paziente gutxiago baitaude. Horrela, gaur egun 28 pertsona daude EAEko zainketa intentsiboetako unitateetan COVID-19arekin lotuta.

Orain arte, guztira 1505 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz EAEn (gaixotu diren guztien % 7,7). Azken orduetan, 4 pertsona hil dira Bizkaian eta 1 Araban.

Gainera, 434 gaixo daude oraindik (% 2,3). Azken orduetan, 4 pertsona ospitaleratu dituzte COVID-19agatik, eta, Osasun Sailak jakinarazi duenez, gaur egun 305 pertsona daude ospitaleratuta (277 gelan eta 28 ZIUn).

Nafarroan bost kasu berri zenbatu dituzte azken 24 orduetan, Osasun Ministerioak eta Foru Gobernuak emandako datuen arabera.

Hala ere, bi erakunde horiek ez dute datu berdinik eman azken eguneko hildakoen kopuruari dagokionez. Hala, Foru Gobernuak bi heriotzaren berri ematen duen bitartean, Ministerioak ez du hildakorik zenbatu. Astelehenean gertatu bezala, hildakoen kopurua ere ez dator bat: Ministerioak 490 zenbatu ditu, eta Nafarroako Gobernuak, 512.

Gainera, Foru Gobernuaren arabera, 5.239 kasu daude guztira, eta Ministerioak 5.199era jaitsi du kopuru hori.

Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, Epidemiologia Zentro Nazionalaren Espainiako Zaintza Sistemarekin harremanetan dago, "COVID-19aren datu serieak balidatzen eta garbitzen dituelako Nafarroan, eta, beraz, kasu guztiek aldaketak izan ditzakete egun batetik bestera".

Bestalde, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, gaur egun 80 ospitaleratze daude, 66 gela arruntetan (bi gehiago), 11 zainketa intentsiboetako unitateetan (bat gutxiago) eta hiru etxean.

10 erkidegok ez dute hildakorik zenbatu azken 7 egunetan

Fernando Simon Alerta eta Larrialdi Sanitarioak Koordinatzeko Zentroko zuzendariak astearte honetan azpimarratu duenez, hamar autonomia erkidegok ez dute COVID-19aren ondorioz hildako bat ere zenbatu, eta horrek agerian uzten du Espainia egoera "oso onean" dagoela koronabirus berriaren epidemiari dagokionez.

Simonek horrela azaldu du eguneroko prentsaurrekoan, eta azken zazpi egunetan Espainian koronabirus berriaren ondorioz 35 pertsona hil direla jakinarazi du, guztira 27.117 pertsona hil dira, eta 236.259 infekzio-kasu zenbatu dituzte; horietatik 194 azken 24 orduetan diagnostikatu dira, eta 3.222 azken 7 egunetan.

Andaluzian, Aragoin, Asturiasen, Balear Uharteetan, Kanarietan, Kantabrian, Ceutan, Melillan, Nafarroan eta Euskadin ez da hildakorik izan.

"Izurritearen bilakaerari dagokionez, gero eta lurralde zati gehiago ditugu", esan du Simonek.

Hori esanda, Osasun Alerta eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko zuzendariak jakinarazi du kutsatutako profesional sanitarioen eta gaixotasuna gainditu duten pertsonen datuak astero jakinaraziko dituztela, eta ez egunero.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.