Itxi

Gizartea

Koronabuloa

MOEk ez du arnasketa-test bat duen bideorik argitaratu COVID-19a antzemateko

EiTB

Larruazala zaintzeko produktuak ekoizten dituen enpresa batek zabaldutako erlaxazio-ariketa bat da, eta ez Munduko Osasun Erakundeak garatutako detekzio-test bat.

  • Balizko arnasketa-probako MOEren ustezko bideoaren irudia

    Balizko arnasketa-probako MOEren ustezko bideoaren irudia. Argazkia: EiTB.

Munduko Osasun Erakundea (MOE) ez da arnasketa-ariketa bat egitea proposatzen duen WhatsAppeko bideo baten egilea. Bideo horretan iradokitzen denez, MOEk kanpaina bat jarri du abian, nork bere burua azter dezan COVID-19aren balizko sintomak antzemateko, bideoan bertan deskribatzen den ustezko arnasketa-probaren bidez. Izatez, erlaxazio-ariketa bat da, Bioeffect multinazionalaren Panamako filialak proposatutakoa. Enpresa horrek larruazala zaintzeko produktuak merkaturatzen ditu.

Erabiltzaile batzuk #Koronabuloak ekimenarekin jarri dira harremanetan 600 900 454 zenbakiaren bitartez, bideo horren berri emateko. Telefono hori koronabirusaren inguruan sortzen diren albiste faltsuei aurre egiteko asmoz EiTBk martxan jarritako WhatsAppari dagokiona da, hain zuzen ere.

Arnasketa-ariketa

Aipatutako bideoak minutu bat irauten du, eta arnasketa-ariketa bat nola egin deskribatzen du: airea 4 segundoz hartu behar da, aire horri 2 segundoz eutsi behar zaio, eta beste 4 segundoz kanporatu behar da. Hori guztia zirkulu berde batek beste zirkulu handiago batean zehar egiten duen ibilbidea betetzen duen bitartean egin behar da. Ibilbide hori sei aldiz errepikatzen da, minutua bete arte.

Arnasketa-ariketaren irudia. Argazkia: EiTB

Bideoaren gainean, honela dioen testua irakur daiteke (jatorrizkoa, gaztelaniaz):

RESPIRA PROFUNDO

Es el test que envío la OMS, para hacerse la prueba pulmonar en los hogares… Si dentro del tiempo del test te provoca tos, debes de ponerte alerta…

MOE ez da egilea

Hain zuzen ere, eztul lehorra bada COVID-19aren sintometako ohikoenetakoa, sukarrarekin eta nekearekin batera, MOEren web orrian islatuta dagoenez. Hala ere, MOEren web orrian, You Tubeko bere kanalean edo mugikorrerako bere aplikazioetan (berriki aurkeztu ditu), ez dago bideo hori, Tarik Jasarevic bozeramaileak International Fact Checking Networkeko kide den AFP Factual egiaztapen-komunikabideari ziurtatu dionez. Jasarevicen esanetan, koronabirusak eragindako gaitza "laborategi-proben bidez baieztatzen da".

Bideoaren goialdean, aldiz, Bioeffect izena edo logotipoa irakurri ahal da. Ez du inolako zerikusirik Munduko Osasun Erakundearekin; izan ere, Islandian dagoen enpresa bat da, eta larruazala zaintzeko produktuak sortzen ditu.

Bioeffect zenbait herrialdetan dago, nazioarte-mailan; besteak beste, Frantzian, Alemanian, Espainian, Kanadan, Ameriketako Estatu Batuetan, Japonian edo Panaman. Hain zuzen ere, Panamako filialak argitaratu zuen aipatutako bideoa, apirilaren 4an, Instagrameko eta Facebookeko bere profiletan, jarraian ikusi ahal dugunez:

Bioeffect Panamaren Instagrameko profilean egindako argitalpena:

Bioeffect Panamaren Facebookeko profilean egindako argitalpena:

Bi argitalpenetan zehaztuta dago "eguneroko tentsioak" arintzeko ariketa dela; hortaz, ez dio ezer COVID-19ko sintomak atzemateko ustezko arnasketa-proba bati buruz. Hala dio: "Arnastu! Arnastea eguneroko keinu bat da, oharkabea; baina zuk hala erabakiz gero eguneroko gure tentsioak arintzeko elementu erabakigarria izan daiteke. Hartu zuretzako minutu bat, eta arnastu gurekin batera".

Panamako Bioeffecten iturriek AFP Factuali baieztatu ziotenez, beraiek egin eta argitaratu dute bideoa, "estresa arintzeko ariketa labur gisa".

Ondorioz, ez du MOEk egin, eta ez da arnasketa-test bat koronabirusaren sintomak atzemateko.

#Koronabuloak ekimenean, Euskal Irati Telebista Maldita.es atariarekin, VOSTEuskadirekin eta Eva Caballerok Radio Euskadin duen La Mecanica del Caracol dibulgazio-saioko komunitate zientifikoarekin ari da elkarlanean, koronabirusaren inguruan azaltzen diren albiste faltsu eta zurrumurruei aurre egiteko asmoz.

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.