Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Udarako umeentzako jarduerak eskatu dituzte EAEko aisialdiko elkarteek

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Adingabeei uda bitartean jarduera "sortzaileak edota alternatiboak" eskaintzea eskatu diote euskal administrazio publikoei, "COVID-19ak eragindako desberdintasunei aurre egiteko".

  • Haur bat, gurasoarekin, Donostian

    Haur bat, gurasoarekin, Donostian. Argazkia: EFE

"Aisialdirako, jolaserako eta kultur arloko jarduerak zein hezkuntza arlokoak eta artistikoak egiteko haurrek duten eskubidea bermatzeko", uda honetarako "sortzaileak edota alternatiboak diren irtenbideak garatzea" eskatu diete euskal administrazioei umeentzako eta nerabeentzako aisialdi hezitzaileko jardueretan diharduten Astialdi Sareko elkarteek.

"Umeentzat eta nerabeentzat aisialdi hezitzaileko jarduerak dituen 2020ko uda baten alde" izenburuko adierazpena zabaldu du aisialdirako elkarte-sare horrek, aldarrikatuz udarako jarduera hezitzaile horiek "desberdintasunei eta COVID-19aren krisiaren aurrean familia asko jasaten ari den babesgabetasun-egoerari aurre egiten" dietela.

Elkarteek zehaztu dutenez, "osasun-jarraibideetara eta osasun publikoko jarraibideetara zorrotz egokitzen diren aisialdi hezitzaileko jarduerak antolatzea da helburua, betiere, egokitzapen, prebentzio, baldintza, neurri, gomendio eta protokoloak erabiliz".

"Ezin dugu familien sufrimenduaren aurrean ezikusiarena egin, ezin dugu arrakala sozialaren handitzea onartu, udan gozatzeko ahalmenak ezin du batzuen eskura bakarrik egon, hori ez baita justizia soziala eta aisialdi hezitzailea justizia sozialeko tresna izan da beti", azpimarratu dute.

Elkarteen esanetan, "uda da aisialdi hezitzailearentzat une garrantzitsuenetariko bat eta dena espero bezala badoa eta administrazio publikoen laguntza izanez gero, aisialdiko jarduera hezitzaileak egiteko aukera, handia izango da"

Amaitzeko, elkarte-sareak COVID-19ak haurrengan, nerabeengan eta gazteengan sortutako "ondorio larriak" gogoratu ditu, "konfinamendua, ikastetxeen itxiera eta eragin sozioekonomikoa dela medio".