Itxi

Gizartea

Deseskalatzea

Konfinamendutik irteteko 2 fasera pasatuko dira Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa

EITB.EUS

Maria Chivitek iragarri du jada nolakoa izango den bigarren fasea Nafarroan. Jaularitzak larunbat honetan jakinaraziko ditu baldintzak, baina araudi orokorra baino mugatuagoa izango dela aurreratu du.

2:02
Surfistak, Donostian. (EFE)

Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroak deseskalatze prozesuan aurrera egiteko baldintzak betetzen dituzte eta, ondorioz, 2 fasean sartuko dira datorren astelehenean.

Illak esan du erkidego autonomoak "lan ona eta handia" egiten ari direla eta horren ondorio dela hurrengo fasera pasatzeko urratsa eman izana.  

Halaber, herritarrak zoriondu ditu segurtasun neurriak "seriotasunez eta arduraz" betetzen ari direla iritzita.

Edonola ere, konfinamenduarekin amaitzeko prozesua "zaila eta konplexua" izango dela berretsi du eta osasun agintariek emandako jarraibideak zorrotz betetzen segitzeko deia egin du.

Bigarren fasean desagertu egingo dira kalera irteteko eta kirola egiteko ordutegiak. Alabaina, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta udalek eskumena izango dute arrisku gehien duten pertsonen kasuan ordutegiak mantentzeko.

Eusko Jaurlaritzak esan du "berri ona" dela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa bigarren fasean sartzea, eta hori "herritarren jarrera eredugarriagatik eta osasun arloko eta beste funtsezko hainbat jardueratako milaka profesionalen lanari esker" izan dela azpimarratu du.

Astelehenetik aurrera salbuespen neurriak nola arinduko dituzten jakinarazi aurretik, Osasun Ministerioak fase berrirako ezarri dituen irizpideak eta neurriak zeintzuk diren zehatz-mehatz ezagutu nahi dituztela adierazi dute ohar bidez.

"Ministerioaren aginduaren xehetasun guztiak ezagutzen ditugunean, Eusko Jaularitzak bere araudi propioa itxiko du", nabarmendu du.

Ildo horretan, Arantxa Tapia eta Nekane Murga sailburuek larunbat honetan agerraldia egingo dute, koronabirusaren epidemiaren eraginari buruzko datuak emateko eta bigarren faseko baldintzak zeintzuk diren azaltzeko.

Nolanahi ere, Murgak atzo aurreratu zuenez, Espainiako Gobernuak landutako araudia baino "mugatuagoa" izango da Eusko Jaurlaritzarena, jendea taldeka biltzeari dagokionez.

Nolakoa izango da 2 fasea Nafarroan?

Maria Chivite Foru Gobernuko presidenteak iragarri duenez,  proposamen zehatz bat landu dute eta irizpide propioak ezarriko dituzte bigarren fasean, Espainiako Gobernuak ahalbidetzen duena bainoa "mugatuagoa".

Horrela, bada, Batxilergoko bigarren mailako ikasleek ikastetxera bueltatzeko aukera izango dute, hala nahiz izanez gero; eguneko egoitzak, museoak eta liburutegiak irekiko dituzte; eta kultur ekitaldiak eta kirol jarduerak antolatzea posible izango da, sarrera mugatuta.

Presidenteak pozik hartu du Osasun Ministerioaren erabakia, baina zuhurtzia eskatu du. "Aurrera egin behar dugu, baina presarik gabe, hau ez da lasterketa bat", azpimarratu du guardian jarraitzeko dei eginez.

Chivitek azaldu duenez, adineko pertsonentzako eguneko zentroak irekiko dituzte, etxez etxeko laguntza martxan jarriko dute eta desgaitasunak dituzten lagunentzako zentroetan bisitak egitea baimenduko dute.

Hezkuntzan, sei urte arteko haur-eskolek itxita jarraituko dute eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailako ikasleak ez dira ikastetxera itzuliko. Aitzitik, Batxilergoko bigarren mailako ikasleek euren borondatez institutura bueltatzeko eta unibertsitatean sartzeko probak prestatzeko aukera izango dute ekaineko lehen astean.

Gazteen lokalak eta elkarte gastronomikoak ezingo dira ireki; bai, ordea, museoak eta liburutegiak ekaineko lehen astetik aurrera. Aire zabalean egindako kultur ekitaldietan eta kirol jardueratan gehienez 200 pertsona bildu ahalko dira.  

Gazteen lokalei eta elkarte gastronomikoei dagokienez, baina, salbuespen batzuk daude; izan ere udalerri txikietan eta bostehun biztanletik beherako kontzejuetan ireki ahalko dituzte, baldin eta kafetegirik, jatetxerik edo tabernarik ez balego eta herritarrentzako biltoki bakarra badira.

Kasu horietan, alkateek terrazak baimendu ahalko dituzte lokal horietan, eta salbuespen moduan barnealdea, baldintza galdegarriak batuko balira eta ostalaritza- eta sukaldaritza-lokaletarako prebentziozko neurri guztiak beteko balira (fase bakoitzeko arauak izango dituzte kontuan).

Bigarren etxebizitzako ortuetan lan egitea baimenduta egongo da eta kirola egiteko udalerritik ateratzea posible izango da. Erreketan eta igerilekuetan bainua hartzea arautuko dute.

Nafarroako Gobernuak baieztatu du kalera irteteko ordutegiak kenduko dituztela, 10.000 biztanletik gorako udalerrietan, baina, adinekoei ezarritako ordutegia mantenduko dute.