Gizartea
Koronabirusa
Etxean egindako kotoi geruza bikoizdun eta filtrodun maskarak erabilgarriak dira
Agentziak | Erredakzioa
Nekane Murga Osasun sailburuak azpimarratu du prebentziorik onena distantziak gordetzea dela, "ahotik ateratzen zaizkigun tantatxoen arriskua metro eta erditik aurrera murriztu egiten delako".
Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak esandakoaren arabera, etxean egiten diren maskarek edo musukoek, kotoi geruza bikoitza eta filtroa dutenek, iragazteko ahalmen nahikoa dute eta herritarrentzat balekoak izan daitezke".
Ostegun honetatik aurrera derrigorrezkoa da musukoak espazio publikoetan erabiltzea, espazio horiek irekiak ala itxiak izan, bi metroko distantzia fisikoa gordetzerik ez dagoen kasuetan. Murgak onartu egin du derrigorrezko erabilerak familiei gastuak eragingo dizkiela eta “ondorio ekologikoak” ere izango dituela, hondakin gehiago sortuko direlako.
Etxean egindako maskaren inguruan galdetu diotenean, Murgak azaldu du edozein maskarak ez duela balio eta, ildo horretan, gogorarazi du kotoi geruza bikoitza dutenak, “bereziki erdian zelulosa daramatenak”, aukera ona direla. Hala ondorioztatu dute erakunde “zientifiko ofizialek”.
Homologatutako zelulosa materialak jada existitzen direla esan du sailburuak eta “laster” merkatuan eskuragarri egotea espero dutela, “prezio merkean”.
Onena, distantzia gordetzea
Hala ere, Murgak azpimarratu egin du pertsonen arteko distantzia gordetzea dela kutsatzeak saihesteko modurik eraginkorrena, “ahotik botatzen ditugun tantatxoak arnasteko aukera asko murrizten delako metro eta erditik aurrera”. Maskarak tantatxo horiek jaurtitzea saihesteko dira, eta, horrela, “jendea babesteko”.
Babes handiagoa ematen duten maskarak egokiagoak dira beste pertsona batekin harreman estua izango dutenentzat edo gaixotasuna hartzeko arrisku handiagoa dutenentzat, zehaztu du Osasun sailburuak.