Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Irakasleen itzulera mailakatua agindu du Eusko Jaurlaritzak

EITB.EUS

Hezkuntza Sailak maiatzaren 25erako ezarri zuen ikasleen itzulera, baina hezkuntza komunitatearen kritiken ondotik, ikastetxe bakoitzaren esku utzi du erabaki hori.

  • Ikasleak gela batean.

    Ikasleak gela batean. Artxiboko argazkia: EFE

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak irakasleak ikastetxeetara itzultzeko agindua eman du. Itzulera mailakatua izango da.  

Irakaskuntzari Laguntzeko eta Ikertzeko Zerbitzuko eta Hezkuntza Ikuskaritzako Kidegoko langileak ostegun honetan bueltatuko dira.

Aurrez aurreko irakaskuntzara itzultzeko agindua duten ikasleen zikloetako eta mailetako irakasleak zein egunetan bueltatu beharko diren ez du zehazten aginduak, baina "aurreikusitako programaren arabera eta klaseak prestatzeko behar besteko denborarekin" izan beharko dela azpimarratzen du.   

Gainerako langileak ekaineko lehen astean zehar bueltatuko dira, ikastetxe bakoitzak ezarritako irizpideen arabera.

Etxetik telematikoki lanean jarraituko dute 14 urtetik beherako seme-alabak, adinekoak eta laguntza behar duten pertsonak zaindu behar dituzten beharginek, bai eta koronabirusagatik arriskuan daudenek ere.

Zalantza ugari

Cristina Uriarteren Sailak maiatzaren 25erako ezarri zuen ikastetxeen irekiera, eta, ondorioz, suposatzen da egun horretan hasiko direla itzultzen irakasleak.

Alabaina, iragarpen horrek zalaparta handia sortu zuen hezkuntza-komunitatean eta sindikatuek aho batez ohartarazi zuten ez dagoela baldintza nahikorik langileen eta ikasleen segurtasuna eta osasuna bermatzeko.

Halaber, hartu beharreko neurriak negoziatzeko eta neurri horiek ezartzeko baliabideak jartzeko eskatu zioten Hezkuntza Sailari.

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak zentro bakoitzaren esku utzi zuen aurrez aurreko klaseak noiz eta nola hasi erabakitzea.