Gizartea
KORONABIRUSA
Hondartzak ekainaren 15ean irekitzea proposatu du Bizkaiko Aldundiak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ostiralean udalekin egingo duten bileran, hondartza bakoitzean udal bakoitzak COVID-19ari aurre egiteko egindako kontingentzia planaren zirriborroa ezartzen saiatuko dira.
-
Bi pertsona hondartzan paseatzen. Irudia: EFE
Bizkaiko Foru Aldundia ostiralean bilduko da udalekin, aurten hondartzak zein baldintzatan irekiko diren zehazteko, eta denboraldia ekainaren 15ean hastea proposatuko die.
Bileran, Aldundiak eta udalek Bizkaiko hondartzetan "segurtasun-distantzia bermatzeko" hartu beharreko neurriak aztertuko dituzte, baita "berme hori gauzatzeko legezko tresnak" eta "aglomerazio handieneko uneak" aurreikusteko modua ere. Horretarako, besteak beste, hareatzak itsasbeheran eta itsasgoran duen azalera izango da kontuan hartuko duten irizpideetako bat.
Hondartza denboraldia ekainaren 15a eta uztailaren 1a bitartean hastea erabakiko dute, baina, Bizkaiko Foru Aldundiak gaur azaldu duenez, ostiraleko bileran udal arduradunei proposatuko die "hondartza-denboraldia irekitzeko aukerarekin lan egitea" lehen egun horretarako.
Ostiralean udalekin egingo duten bileran, hondartza bakoitzean COVID-19ari aurre egiteko kontingentzia udal planaren zirriborroa ezartzen saiatuko dira.
Foru langileak (sorosleak, hondartzainak eta hondartzak garbitu eta mantentzeaz arduratzen direnak) jasotzeaz gain, udal plan bakoitzak bere kudeaketa zuzenaren menpe dauden gaietarako hartuko diren neurriak zehaztuko ditu, hala nola, bainuen garbiketa, hondartzak erabiltzeko jarraibideak, aparkalekuak edo, hala badagokio, hareatzetako polizia zaintza, Aldundiaren arabera.
Neurriak "bat etorriko dira" Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak hondartzak erabiltzeko emandako gomendioekin, eta Bizkaiko hondartza guztietan "ahalik eta homogeneoenak" izan daitezen saiatuko dira, "betiere hareatza bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuta", zehaztu duenez.
Aldundiak udalen esku jarriko ditu Hondartzak Kudeatzeko Sistema Integralaren baliabideak.
Gainera, lagunduriko bainuaren kasuan edukiera mugatzea planteatuko da, zerbitzuaren erabiltzaileen arteko segurtasun-distantzia bermatzeko.