Gizartea
Koronabirusa
200 milioi maskara baino gehiago egingo dituzte urtean Euskadin
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak 582.876 euro zuzenduko dio EAEko maskara-ekoizpena indartzeari.
-
Herritar bat Bilbon, maskara batek babestuta. Argazkia: EFE.
200 milioi maskara baino gehiago egingo dituzte urtean Euskadin, osasun-produktu horren erabilera masiboari aurre egitea helburu. Halaber, Eusko Jaurlaritzak 582.876 euro zuzenduko dio EAEko maskara-ekoizpena indartzeari, Zamudioko eta Hernaniko bi enpresak egingo duten inbertsioaren erdia ordaintzeko; izan ere, enpresa horiek maskara kirurgikoak eta babes handiko maskarak egingo dituzte, eta horrek, abian dauden beste proiektu batzuekin batera, maskara-kopuru hori erdiestea ahalbidetuko du.
Jaurlaritzak bideratuko dituen ia 600.000 euroren xedea da Txinan ekoiztutako osasun-materialaren mendekotasuna txikiagoa izan dadila, eta, halaber, maskaren erabilpena arrunt bilakatzea. Maskarak, asteazkenetik aurrera, derrigorrezkoak izango dira, kalean eta leku itxietan, baldin eta bi metroko segurtasun-tartea ezin bada bermatu.
Eusko Jaurlaritzak egiaztatu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoa, Europako herrialde gehienak bezala, ez zegoen prest maskarez hornitzeko; horregatik erabaki du ekoizpena indartzea.
Kontu-sail ekonomiko hori Arantza Tapia Ekonomia Garapen eta Azpiegitura sailburuak proposatu du, eta Jaurlaritzak onartu egin du. Tapiak prentsaurrekoa eman du asteartean, eta azaldu du zein lerrotan ari diren lanean, maskaren Euskadiko ekoizpena sustatzeko.
Nueva Sibol (Zamudio) eta Oarso (Hernani)
Lerro horretako lehenaren helburua da ekoizpen-gaitasuna indartzea, Nueva Sibol (Zamudio) eta Oarso (Hernani) enpresentzako aipatutako inbertsioaren bidez. Bi enpresek makinak erosiko dituzte, erabilpen orokorrerako maskara kirurgikoak egiteko, eta erabilpen profesionalerako FFP2 eta FFP3 maskarak sortzeko.
Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez, produktu horien eskariak "esponentzialki" egingo du gora, COVID-19agatik eta hornikuntzan dagoen "zailtasunagatik".
Hala, Zamudion dagoen Nueva Sibolek 394.585 euroko itzuli beharrik gabeko laguntza zuzena jasoko du (zenbateko osoko % 50), inbertsio-proiektu baterako. Enpresak ekoizpen-lerro berria izango du, FFP2 eta FFP3 motetako maskarak sortzeko, eta ekoizpena hirukoiztuko du; orain arte, urtean hiru milioi maskara egin izan ditu, baina aurrerantzean urtean hamar milioi egingo ditu.
Bestalde, Oarsoko osasun-produktuen fabrika berriak (Hernanin dago, eta Mondragon Taldekoa da) 188.291 euroko dirulaguntza jasoko du. Maskara kirurgikoen beste ekoizpen-lerro bat zabalduko du, eta horretarako inbertsio jakin bat egin beharko du; horren % 50 ordainduta izango du. Sei hilabetetan, osasun-produktu horietako 60 milioi egitetik 120 milioi egitera pasatuko da.
Beste proiektu batzuk
Arantza Tapiak prentsaurrekoan esan duenez, beste jarduera-lerro bat ere badago. Jaurlaritzak, Sprilurretik, Wolfratex enpresa osatzea erraztu du. Bergaran izango du egoitza, eta hainbat sektoretako enpresa batzuek sortu dute: Lazpiurrek, Egile Taldeak, Embalan3k eta Servimasak. Maskara kirirgikoak eta FFP2 eta FFP3 maskara bereziak sortuko ditu enpresa berri horrek.
Hezkuntza Sailarekin eta Teknikarekin elkarlanean, beste proiektu bat ere badago: maskarak prolipropilenoa eta zelulosa erabiliz egingo dituzte, bi ekoizpen-lerrotan.
Tapiak zehaztu denez, lehenengo lerroan Ibarrako Uriasportek, eta Zumaiako Decotenak parte hartuko dute, bai eta Bilboko Peñascal lanbide-heziketako hitzartutako zentroak ere. Guztira, 120.000 maskara josiko dituzte.
Bigarren lerroan, Bilboko Peñascal Zentroak eta Donostiako AEG zentroek parte hartuko dute. Dagoeneko, 20.000 askara egn dituzte, astean 4.000.
Azkenik, Tapiak gogorarazi du euskal industria batzuk maskaren ekoizpenera dibertsifikatu direla, jatorrizko merkatu-hobia utzi gabe. Beste enpresa batzuek, Grado Cero arabarrak kasu, lan-linea hori indartu egin dute; Grado Cerok zazpi makina erosi ditu, eta orduan 30.000 maskara egiteko gaitasuna izango du.
Ildo horretan, Tapiak zehaztu du osasun-krisiak behar berriak sortu dituela, eta haiei erantzuna eman behar zaiela: “Euskal industriak, beste behin ere maila eman du”, adierazi du sailburuak.
Halaber, iragarri du Eusko Jaurlaritza prest dagoela, osasun-beharreko produktuak egiteko urratsak ematen dituzten enpresei “laguntzen” jarraitzeko.