Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

2 fasean ostalaritzako lokalen barrualdea irekitzea proposatu du Eusko Jaurlaritzak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

EAE osoa 2 fasera pasatzea eskatuko duela iragarri du Exekutiboak.

2:25
Tabernetan eta jatetxeetan aforoa murriztua izango da

Eusko Jaurlaritzak ostalaritzak lokalen barnealdea % 50eko edukierarekin ireki ahal izatea proposatu du konfinamenduaren arintzearen 2 faseari begira, eta lurraldeen arteko mugikortasuna ahalbidetzea, baina arrazoi sozioekonomikoengatik bakarrik.

Gobernu kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, fase horri begira Exekutiboa bi aldeekin negoziatzen ari den gaiak nabarmendu ditu Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak. Gai horiek etapa berri horretarako trantsizioa eskatzeko aurkeztutako proposamenaren parte dira, hain zuzen.

Negoziazio-eremuetako batek maskarekin du zerikusia, eta espazio itxietan nahitaez erabili beharra aipatu du. Gainera, bi metroko distantzia bermatu ezin den gune publikoetan "oso gomendagarria" dela nabarmendu du.

Bestalde, kultura- eta aisialdi-jarduerei dagokienez, zinema-aretoetan edo museoetan % 50eko edukiera lortu ahal izatea proposatu du, betiere bi metroko distantziari eutsi ahal bazaio.

Ostalaritzan ere lokalen barrualdea % 50eko edukierarekin ireki ahal izatea planteatu du, betiere bezeroak mahaian eserita egonez gero eta bi metroko distantzia errespetatuz gero. Era berean, saltokietan eta merkataritza-guneetan % 50eko edukiera baimentzea proposatu du.

Etxe edo lokal pribatuetan egiten diren familia-bileren kasuan, "nola egin daitezkeen eta zenbat lagun bil daitezkeen primeran" argitzen duen araudi bat eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.

Hezkuntzan, maila jakin batzuetarako maiatzaren 25etik aurrera hezkuntza-jarduera modu presentzialean berriz irekitzea planteatzen du.

Azterketak egin ahal izateko azoka-esparruak irekitzea ere proposatu dute, eta, mugikortasunari dagokionez, EAEko lurraldeen artean mugitzeko aukera zabaltzea, baina arrazoi sozioekonomikoengatik bakarrik.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak izango dira espazio itxietan eta kalean, 2 metroko segurtasuna gorde ezin bada, baita garraio publikoan ere.