Gizartea
Koronabirusa
Donostiako hondartzetan eguzkia hartzea baimenduta egongo da astelehenetik aurrera
Agentziak | Erredakzioa
Kontxako hondartza, ordea, itxita egongo da itsasgorak irauten duen bitartean. Denboraldi ofizialaren hasiera zehaztu gabe dago, eta Gipuzkoako gainerako udalerriekin adostuko dute.
Donostiako Udalak jakinarazi duenez, astelehenetik aurrera eguzkia hartzea baimenduta egongo da Donostiako hondartzetan. Halere, itsasgorak iraun bitartean, itxita egongo da Kontxako hondartza, eta, beraz, bainurako edo uretako kirolak egiteko baimena izango du soilik.
Hondartzen denboraldi ofizialaren hasiera zehaztu gabe dago oraindik, eta lurralde historikoko gainerako udalerriekin adostuko da. Horrekin batera, edukiera murrizteko neurriak ere adostu beharko dituzte. Bitartean, denboralditik kanpo funtzionatu ohi duten bezala irekiko dira hareatzak, hots, sorospen- eta salbamendu-zerbitzurik gabe.
Eneko Goia Donostiako alkateak, Marisol Garmendia Espazio Publikoko zinegotziarekin batera, bide telematikoz egindako prentsaurreko batean adierazi duenez, Udala lanean ari da datorren asteko astelehenean Euskadi eta, bereziki, Gipuzkoa deseskalatzearen 2 fasean sartzeko. "Datuak ikusita, denok jakintzat ematen dugun zerbait da", eta "aldaketa batzuk ekarriko ditu".
Nolanahi ere, "zuhurtzia" agertu du, izan ere, "bete eta betearazi beharrekoak" egoeraren araberakoak dira. "Gauza batzuk erabaki ahal izateko, bigarren fase hori arautzen duen dekretua argitaratu arte itxaron behar dugu, ñabarduraren bat egon daitekeelako", zehaztu du.
Goiak "hondartzak egoki, zentzuz eta segurtasunez erabiltzearen" alde egin du, eta dagoeneko erabakiren bat hartu dutela adierazi du, behin hondartza denboraldia hasten denean, "bertako elementuak ahalik eta gehien murriztu, eta urruntze-neurriak modu errazagoan bete daitezen".
Gerora, honakoa gehitu du: "Baita sarbideak antolatzeko eta hondartzek une bakoitzean izan ditzaketen gaitasunak neurtzeko neurriak ere. Hondartzen okupazioari buruz eta unean uneko okupazio-mailari buruz gutxienez informazio fidagarria emateko".
Garmendiak hondartza bakoitzean zenbat lagun sartzen diren jakiteko lan egiten ari direla adierazi du. Horretarako, unean uneko hondar lehorraren azalera neurtuko da, mareek Donostiako hareatzetako "kudeaketa eta edukiera erabat baldintzatzen" dutelako.
Adierazi duenez, aurtengo hondartza-denboraldia desberdina izango da, onartuko diren dekretuek ezarritako osasun- eta higiene-baldintzak direla eta, eta "norbanakoaren erantzukizunerako" deia egin du.
"Donostiako Udala aplikazio teknologiko batean ari da lanean, edukiera denbora errealean kontrolatatu, eta Donostiako hareatzetan zenbat pertsona sar daitezkeen jakiteko", marearen arabera, behin denboraldia hasten denean, adierazi du. "Aplikazio horrek denbora errealean esango digu noiz dagoen hondartza beteta eta noiz ez", argitu du.
Halaber, adierazi duenez, "aurten, inoiz baino gehiago, espazioa funtsezkoa izango da. Ez da toldorik, gabarroirik eta igerilekurik egongo, ezta Ondarretako eta Zurriolako Tin-Tin bezala ezagutzen ditugun instalazioak ere, eta sartzeko eta irteteko korridoreak prestatuko ditugu, pertsonen zirkulazioa bideratzeko eta gutxieneko segurtasun-distantzia bermatzeko".
Kontxari dagokionez, itsasgorak irauten duen bitartean itxita egongo da, "bainu bat hartzeko edo baimendutako kirol jardueretarako bakarrik irekiko dute". "Zurriolan eta Ondarretan ez da arazo handirik egongo taldeen egonaldia bideratzeko. Kirol guneak mugatuko dira hareatzetan kirola egin ahal izateko, eta, zerbitzuei dagokienez, erabaki batzuk hartzeke daude oraindik", zehaztu du.
Nolanahi ere, "kabinak irekitzea ezinezkoa izango dela uste dugu, bainugelak agian", eta "gutxieneko zerbitzu horiek Gipuzkoan orokorrean adosten saiatuko garen higiene- eta osasun-jarraibideen araberakoak izango dira", gaineratu du.
Hondartzetan sartzeari buruzko neurriak, baita horren hasiera-data ere, kostaldeko udal guztiek osatzen duten Aldundiaren Hondartzen mahaian zehaztuko dira. "Berriro diogu norbanakoaren erantzukizuna eskatu behar dugula, ezin izango dugula pertsonak kontrolatzeko sistemarik ezarri. Kontxako hondartzaren erabilera itsasgoran erregulatuko dugu, bainurako eta kirol modalitateetarako bakarrik irekita egongo dira", azpimarratu du.