Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Adinekoen heriotzak ikertzeko eskatuko diote Arabako pentsiodunek Arartekoari

Agentziak | Erredakzioa

Berrogeita hamar pentsiodunek elkarretaratzea egin dute Arabako Foru Aldundiaren aurrean, adinekoen egoitzetan 139 pertsona hil direla salatzeko.

  • Adinekoen egoitza baten artxibo irudia

    Adinekoen egoitza baten artxibo irudia. Argazkia: EiTB.

Berrogeita hamar pentsiodunek elkarretaratzea egin dute astelehen honetan Arabako Foru Aldundiaren aurrean, koronabirusaren pandemian 139 adineko hil direla salatzeko. Arabako pentsiodunek, era berean, EAEko Arartekoari heriotza horiek ikertzeko eskatuko diotela iragarri dute.

COVID-19ak eragindako krisia dela-eta, bi hilabete baino gehiago mobilizaziorik egin gabe egon ostean, bertaratutakoek ekitaldi hunkigarria egin dute, eta segurtasun-tartea gordeta, maskarak eta zapi moreak jantzi dituzte.

Pandemia garaian Aldundiak egindako kudeaketa kritikatu dute manifestariek, eta, salatu dutenez, gizarte zerbitzuen "pribatizazioak negozio eredu gisa erabiltzeak  adinekoen egoitzetako arreta defizita eragin du".

Horregatik, Osakidetza bezalako zerbitzu publikoak eta mendekotasuna duten pertsonen arreta "indartzeko" eskatu dute.

"Agur Jaunak" abestiarekin, Arabako egoitzetan hildako 139 pertsonak omendu dituzte, "biktima errugabeak" direla esan dute eta horien sendeei elkartasuna adierazi diete, "merezi duten moduan agurtu ezin izan dituztelako".

Arartekoari gertatutakoaren inguruko ikerketa irekitzeko eskatuko diotela iragarri dute, eta tartean dauden erakunde guztiei azalpenak eskatuko dizkietela nabarmendu dute: Arabako Diputazioari, Gasteizko Udalari eta Eusko Jaurlaritzari.

Ekitaldia 09:30ean hasi da, eta txalo zaparrada luze batekin amaitu da.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.