Gizartea
Koronabirusa
Bizkaiko adinekoen egoitzetan 509 kutsatu daude eta 1.005ek gaixotasuna gainditu dute
Agentziak | Erredakzioa
Langileei dagokienez, aurreko zenbaketatik 161ek positibo eman du eta beste 115 isolamenduan jarri dituzte.
-
Bizkaiko adinekoen egoitzetan 10.748 plaza daude. Argazkia: Efe.
Bizkaiko adinekoen egoitzetan 509 pertsona daude COVID-19arekin gaixorik eta horietatik 31 ospitaleratu behar izan dituzte. Gainera, 1.005 egoiliarrek gaixotasuna gainditu eta negatibo eman dute egindako probetan.
Gizarte Ekintza saileko Ikuskaritza eta Kontrol Zerbitzuaren datuen arabera, ostiralean, maiatzak 15, Bizkaiko 155 egoitzetatik 39n egoiliarren bat koronabirusarekin gaixo zegoen.
Bizkaiko adinekoen egoitzetan 10.748 egoiliarrentzako lekua dago. Gaur egun, 509 gaixo daude, ostegunean jakitera emandako aurreko zenbaketan baino 83 gutxiago. 31 ospitalean daude, aurreko zenbaketan baino 9 gutxiago.
Gainera, Birkinetxen eta Unben koronabirusa duten gaixoak artatzeko dauden unitate soziosanitarioetan 73 pertsona daude, eta beste hiru pertsona ahul Santurtzin. Hiru horiek Birjinetxera eramango dituzte larunbat honetan.
Kutsatutako langileak
Egoitzetako langileei dagokienez, 161 langilek eman du positibo (aurreko zenbaketan baino 40 gutxiago), eta beste 115 (aurrekoan baino hiru gehiago) isolamenduan daude, baina COVID-19a dutela konfirmatu barik.
Bizkaiko egoitzetan hildako pertsona kopuruari dagokionez, gaixotasuna zutela konfirmatuta zuten 247 pertsona hil dira pandemia hasi zenetik. Gainera, beste 30 hildakoren kasuan, gaixotasuna zutela susmatzen da.