Gizartea
Konfinamenduaren arintzea
Herritarrak lurralde osoan barrena mugitu ahalko dira gaurtik aurrera
EITB.EUS
Eusko Jaurlaritzak asteburuan argitaratu du dekretu berria eta araua gaur bertan sartuko da indarrean.
Herritarrak bizilekua duten probintzia osoan barrena mugitzea baimenduko du datorren astelehenetik aurrera Eusko Jaurlaritzak. Orain arte norberaren udalerritik ateratzea galarazita egon da, salbuespenak kenduta.
Dekretu berria larunbatean argitaratu dute Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean eta gaur, astelehena, sartu da indarrean.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa maiatzaren 11n sartu ziren 1 fasean, baina Iñigo Urkulluren Gobernuak herritarren mugimenduak mugatzea erabaki zuen, osasun publikoa bermatze aldera. Horrela, bada, aste honetan norbera bizi den udalerrian eta gehienez ondoko herrietara soilik mugitu daiteke.
Eusko Jaurlaritzaren esanetan, koronabirusaren pandemiaren bilakaerak erakusten du "kutsatzeen kopurua jaisten" ari dela. Beraz, mugikortasuna probintzia osora zabaltzeko unea iritsi dela uste du.
Ondoko udalerria beste probintzia batean badago, baimenduta dago jada hara mugitzea eta hala izaten jarraituko du aurrerantzean ere.
Jarduera fisikoa
Dekretuak beste aldaketa bat ere ekarriko du; izan ere, astelehenetik aurrera probintzia osoan zehar mugitu ahalko dira herritarrak kirola egiteko, baita beste probintzia batean dauden ondoko udalerrietara ere.
Jaurlaritzak gogoratu du kirola egiterakoan ere derrigorrezkoa dela osasun arduradunek ezarritako segurtasun eta higiene neurriak betetzea.
Horrez gain, enpresa pribatuek kudeatutako aire zabaleko kirol instalazioak irekitzeko baimena egongo da astelehenetik aurrera eta probintzia osoko bizilagunak joan ahalko dira bertara, baita beste probintzia batekoak ere, ondoko udalerrian bizi baldin badira.
Halaber, baimenduta egongo da probintzia osoko kirol instalazio pribatuetara joatea, jarduera fisikoa bakarka egiteko eta aurrez hitzordua eskatuta.
Jaurlaritzaren dekretu berriak ez du bestelako nobedaderik aipatzen. Beraz, liburutegiak, museoak eta ikuskizunak eta kultur ekitaldiak egiteko lokalak eta establezimenduak itxita egongo dira, lehenengo fasean dauden beste erkidego batzuetan ez bezala.
Bestalde, Jaurlaritzak esan du datorren maiatzaren 24an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa 2 fasean sartzeko prestatzen ari dela, ondoko parametroetan: osasun agintariek emandako irizpideak zorrotz jarraituta, normaltasuna mailaka berreskuratzeko urratsak emanda eta prebentzio neurriak mantenduz, "gizarteak guardia jaitsi ez dezan".
Ildo horretan, Jaurlaritzak azpimarratu du konpromiso indibiduala eta kolektiboa ezinbestekoak direla, pertsonen arteko bi metroko distantzia errespetatzeko eta higiene neurriak zorrotz betetzeko.