Gizartea
Koronabirusa
Hegoaldeko hondartzak irekitzeko eguna, ekainaren 15etik uztailaren 1erako tartean
Agentziak | Erredakzioa
Data zehatza ezarri gabe dute oraindik, baina egun bera izango da Bizkaian eta Gipuzkoan. Lapurdin larunbatean irekiko dituzte, “jarduera dinamikoetarako”.
Bizkaiko Foru Aldundiak gaur, ostiralarekin, iragarri duenez, ekainaren 15etik uztailaren 1era arteko egun batean irekiko dituzte hondartzak Euskal Autonomia Erkidegoan.
Aldundiak ohar batean azaldu du Euskal Autonomia Erkidego osoko hondartzak irekiko dituztela egun horietako batean, baina data zehatza ezarri gabe dutela oraindik.
Horren arabera, “euskal erakundeek adostutako erabakia” da, eta hemendik aurrera hondartzak irekitzeko abiatu beharreko neurriak aztertuko dituzte, osasun agintariekiko harreman etengabean.
Hondartza irekita, Lapurdin
Bestalde, Lapurdin larunbatean irekiko dituzte hondartzak. Arratsaldeko zazpiak arte egongo dira zabalik, eta bainua hartu, eta surfa eta korrika egin ahalko da, baina ezingo da hondarretan ez egonean egon ez hamar lagunetik gora bildu.