Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Irungo Udalak bertan behera utzi ditu San Martzialeko ekitaldi instituzionalak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Ekainaren 30ean, 12:00etan, San Martzial mendian botoa bete baino ez dela egingo erabaki dute.

  • Irungo Udala

    Irungo Udala. Irudia: Josemaria Vega

Irungo Udalak bertan behera utzi ditu aurtengo sanmartzialetako ekitaldi instituzionalak, ekainaren 30ean egitekoak zirenak, covid-19aren ondorioz, botoa betetzea izan ezik, ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Horrela, Udalbatza 12:00etan igoko da San Martzial mendira ekainaren 30ean. Udalak herritarrei dei egiten die, "inoiz baino gehiago, balkoiak eta leihoak hiriko banderarekin eta festaren koloreekin janzteko".

Irungo Udalak San Pedro eta San Martzial jaietako egitarauaren inguruko hausnarketa jarri zuen abian duela aste batzuk. Egitarauaren barruan jai-ekitaldiak antolatzen dituzten erakunde guztiekin bildu ondoren, egungo egoerara egokitutako jaiak egitea erabaki zuten, eta horretan ari dira lanean gaur egun.

Jai egitarauaren barruan egiten diren ekitaldi instituzionalei dagokienez, Udal Gobernuak, gainerako talde politikoekin batera, guztiak aztertu eta horretaz hitz egin du. Azkenik, ekainaren 30ean, 12:00etan, San Martzial mendian botoa bete baino ez dela egingo erabaki dute.

Ekitaldi instituzional hori Irungo herritar guztiak ordezkatzen dituen Udalbatzak egiten du, covid-19aren osasun-krisiarekin bizitzen ari garen egoeraren barruan ezartzen diren mugak betez.

Azkenik, Udalak "exijentziak betetzen laguntzeko bakoitzaren ulermena eta erantzukizuna" eskertu die herritarrei, eta "egun ezberdinak izango diren arren, ekainaren 29a eta 30a berriz ere egun bereziak izango dira irundar guztientzat", adierazi du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.