Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Txinan sortutako bost txerto garapenaren hirugarren fasera igaroko dira uztailean

Agentziak | Erredakzioa

Normalean, txerto bat modu masiboan zabaltzeko epea 12 eta 18 hilabete artekoa da, Munduko Osasun Erakundearen arabera.

  • Txerto baten artxibo irudia

    Orain arte 2.575 bolondres inguruk parte hartu dute ikerketan. Argazkia: EiTB.

Txinan sortutako koronabirusaren aurkako bost txerto proba klinikoen bigarren fasean sartu dira eta uztailean hirugarren bat gainditzea aurreikusi dute, Txinako Osasun Batzorde Nazionaleko goi-kargudun batek ziurtatu duenez.

"Probetan ez dugu boluntarioengan kalte larririk erregistratu. Dena planifikatutakoaren arabera badoa, proiektuak uztailean amaituko dira", adierazi du Zeng Yixin erakunde horretako zuzendariordeak, prentsaurrekoan.

China Daily egunkari ofizialaren arabera, orain arte Txinak garapen-maila hori lortu duten bost balizko txerto ditu: horietako bat bektore biral batean (adenobirus bat, kasu honetan) oinarritzen da, koronabirusaren zatiak garraiatzeko, eta beste laurak, COVID-19aren pandemia eragin duen agente infekziosoaren bertsio inaktibo batean.

AEBko Gaixotasunak Kontrolatzeko eta Prebenitzeko Zentroaren arabera, aipatutako bigarren fasean, probetan parte hartu duten subjektuen kopurua zabaltzen da, eta balizko txertoa eman zaie erremedioaren azken hartzailearen batez besteko profilari erantzuten dioten pertsonei, horien eraginkortasuna eta segurtasuna ebaluatzeko.

Hirugarren fasean, milaka pertsonak parte hartuko dute, eta, gaindituz gero, teorikoki, agintariek onartu egingo dute, nahiz eta, kasu batzuetan, laugarren fase bat izaten den, txertoaren inguruko azterketa sakonagoa egiteko.

Normalean, txertoa modu masiboan zabaltzeko epea 12 eta 18 hilabete artekoa izaten da, Munduko Osasun Erakundearen arabera.

Zengen hitzetan, Txinak bere ohiko prozedurak "berritu" ditu, eta, pandemiak mundu mailan sortutako osasun larrialdia dela eta, lehen eta bigarren faseetako azterketak egitea ahalbidetu die hautagai batzuei.

Orain arte, 2.575 boluntariok parte hartu dute ikerketan; horietatik 539k lehen fasean, eta beste 2.036k, bigarrenean.

"Lehen faseko proben atariko datuak ditugu, txertoen segurtasunari eta antigorputz babesleak (koronabirusaren aurkakoak) sortzeko duten gaitasunari buruzkoak", esan du Txinako osasun agintaritzako bigarrenak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.