Gizartea
Koronabirusa
Aurtengo Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Udalekuak programa, bertan behera
agentziak | erredakzioa
Arabako Kultura diputatuak azpimarratu du udalekuak ez direla bateragarriak COVID-19ari aurre egiteko neurriekin. Horregatik, beste aukera batzuk aztertzen ari omen dira.
EAEko hiru aldundiek 2020ko Udalekuak programa bertan behera uztea erabaki dute, ez dutelako uste baldintza egokiak betetzen direnik. Izan ere, COVID-19ari aurre egiteko protokoloak, alojamenduari eta elikadurari dagokionez, ez omen dira bateragarriak udalekuekin.
Ana del Val Arabako Kultura eta Kirol diputatuak eman du erabakiaren berri Arabako Batzar Nagusietan, PPk eskatuta, koronabirusagatik bere departamentuaren aurrekontuetan egin dituzten aldaketak azaltzeko egin duen agerraldian.
Del Valek iragarri du hiru aldundientzat ez direla 2020ko Udalekuak programa betetzeko "baldintzak betetzen".
Azpimarratu duenez, osasun krisiarengatik martxan jarritako neurriekin ezinezkoa da 7 eta 13 urte arteko harrentzako programa honen "bizikidetza eta sozializazio helburuak lortzea".
Gainera, gogorarazi du protokoloek edukiera mugatzen dutela, bai instalazioetan bai garraioan, eta horrek "zalantzan jartzen du programaren interes orokorra, oso plaza gutxi eskaini" ahal izango zituztelako.
"Lehenengo egunetik ari gara beste aukera batzuk bilatzeko lanean, guztiek dituzte aldeko eta aurkako ezaugarriak, eta horien egokitasuna aztertzen ari gara", azaldu du.