Gizartea
Genero indarkeria
Genero indarkeriaren salaketen kopurua % 26 jaitsi da EAEn apirilean
Agentziak | Erredakzioa
Aitzitik, Emakunderen datuen arabera, genero indarkeriaren biktimei laguntza berezia emateko telefonoan egindako deiak % 25 gehiago izan dira.
-
Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak 2020ko datuak eman ditu
Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariaren esanetan, genero indarkeriaren salaketak % 26 jaitsi dira apirilean, baina, aldiz, % 25 handitu da dei kopurua Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Politika Sailak indarkeria mota honen biktimei laguntzeko kudeatzen duen telefonoan.
Kopuru ofizialen beherakadaren aurrean, Emakundeko zuzendariak Onda Vascan egin dioten elkarrizketan esan du erasotzaileekin bizi diren emakumeek salaketak jartzeko izan ditzaketen zailtasunei egotzi zietela hasiera-hasieratik salaketa kopuruaren beherakada hori.
Landaidak argitu du konfinamenduan zehar indarkeria pairatzen ari direnek hainbat bide dituztela salaketa jartzeko: 900 840 111 telefono zenbakia, Biktimei Laguntzeko Zerbitzua, udaletako gizarte zerbitzuak eta, larrialdi baten aurrean, 112 telefono zenbakia. Gainera, 112 appa ere badagoela gogora ekarri du eta, bertan, botoia sakatu hutsarekin ematen dela larrialdiaren berri.
Bestalde, “egoera berri honetan”, “berebizikoa” iritzi dio auzokideen jarrera “aktiboari”, kontuan hartuta herritarrek “gero eta kontzientzia eta sentsibilitate handiagoa dutela emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean”.
Krisi honek berdintasunaren alde egiten ari ziren urratsei eragin ote liezaiekeen galdetuta, Landaidak adierazi du arriskua beti dagoela hor eta krisi garaietan beti dagoela atzera egiteko arriskua. Horregatik, “adi” egon behar gara.
Emakunderen zuzendariak adierazi du krisi hau “arlo askotan” izaten ari dela eraginak, baita “gizon-emakumeen berdintasunean eta emakumeen aurkako indarkerian”.