Igerilekuak irekitzeko baldintzak: edukiera mugatzea eta segurtasuna bermatzea
Igerilekuak irekitzeko oinarrizko segurtasun neurriak jasotzen dituen protokoloa argitaratu du Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak. Besteak beste, edukiera mugatzea, objektu pertsonalentzako segurtasun perimetroa ezartzea, higiene pertsonalerako neurriak hartzea eta materialak eta gainazalak desinfektatzea gomendatzen da idatzi horretan.
Espainiako Gobernuak azaldu duenez, autonomia erkidegoekin eta sektore horretako ordezkariekin landutako dokumentua da, eta igerilekuak irekitzeko orduan jarraitu daitezkeen oinarrizko segurtasun neurriak jasotzen dira. Dena dela, 3 fasera arte ez da horretarako aukerarik aurreikusten deseskalatze prozesuan, beraz, gutxienez ekainaren 8ra arte ez dituzte igerilekuak irekiko, betiere lurralde bakoitzaren egoeraren arabera.
Halaber, "modu osagarrian" instalazio bakoitzaren ezaugarrien araberako protokolo zehatzagoa prestatzea gomendatu die Osasun Ministerioak igerilekuetako arduradunei.
Osasun Ministerioak, oro har, edukiera-muga bat ezartzen du igerilekuetarako: bi metroko distantzia soziala bermatzeko beharra eta aire zabaleko espazioetan pertsonako azalera bikoizteko eta estalitako espazioetan hirukoizteko aukera, betiere instalazioa eta eremu publikoaren konfigurazioa aintzat hartuta. Gainera, ez da baztertzen neurri murriztaileagoak ezartzeko aukera.
Kasu honetan, sorosleak edo igerilekuaren kudeatzaileak izendatutako langileak izango du igerileku bakoitzean bainulari kopurua gainbegiratzeko eta horietarako sarbideak murrizteko ardura, autonomia erkidego bakoitzean indarrean dagoen legeriaren arabera.
Instalazioetara sartzeko sarbideei dagokionez, harrera dagoen tokian pertsonen arteko gutxieneko distantzia 2 metrokoa dela adierazten duten mezuak jartzea proposatzen du dokumentuak. Tornuak badaude, horiek jaitsita edukitzea edo arroparekin ukitzea gomendatzen da, eta, instalazioak horretarako aukera ematen badu, sarrerako ate bat eta irteerako beste bat erabiltzea gomendatzen da, erabiltzaileek topo egin ez dezaten.
Higiene-neurriak
Higiene pertsonalerako neurriei dagokienez, igerilekuaren sarreran eskuak desinfektatzeko eta oinetakoak garbitzeko eta desinfektatzeko sistemak jartzea gomendatzen du protokoloak. Halaber, instalazioaren barruan bakarrik erabiltzeko oinetakoak eramatea gomendatzen zaie igerilekura doazen pertsonei.
Gainera, erabili eta botatzeko produktuetarako plastikozko poltsa bat jarriko da erabiltzaileen eskura. Poltsa hori behar bezala itxita utzi beharko da irteeran dagoen zabor-ontzi batean (estalkiduna), eta kreditu-txartelarekin edo aplikazio mugikorren bidez ordaintzea lehenetsiko da.
Eremu komunak
Erabiltzaile guztientzat zabalik dauden eremu komunei dagokienez, toki horietan pertsonen artean gutxienez 2 metroko tartea bermatzeko betebeharra ezartzen da. Tarte hori lurrean seinaleztatuta egon beharko da, eta objektu pertsonal guztiek, hala nola eskuoihalak, krema-poteak, erabilera esklusiboko oinetakoak, motxilak eta gainerako tresnak, ezarritako segurtasun-perimetroaren barruan egon beharko dute, gainerako erabiltzaileekin kontaktua saihesteko.
Gomendio horrekin lotuta, etzaulkiak edo hamakak erabiltzea debekatzeko aukera instalazio bakoitzak aztertu behar duela adierazten da, baina beti 2 metroko tartea errespetatu beharko da kutsatzeak saihesteko eta ezin izango da horien erabilera partekatu. Horrez gain, modu egokian desinfektatu beharko dira eta erabili eta botatzeko zorroak ere erabili ahal izango dira.
Halaber, gutxienez egunean 2 aldiz bainulariak egoteko eta igarotzeko guneak garbitu eta desinfektatu beharko dira, eta bereziki garbituko dira gehien erabiltzen diren eremuak: aldagelak, komunak, armairuak, dutxak eta konketak.
Arau orokor gisa, protokoloak erabilera bakarreko oihalak eta materialak erabiltzea edo horiek behar bezala garbitzea eta desinfektatzea gomendatzen du. Horretarako, Osasun Ministerioak baimendu dituen desinfektatzaileetako edozein diluzio gomendatzen du, edota ingurua desinfektatzeko merkatuan aurkitu daitekeen beste edozein produktu.
Ezarritako neurrien artean, gune itxiak aireztatzeak duen garrantziaz ohartarazi du Osasun Ministerioak, hala nola aldagelak, komunak eta botikinak dauden gelak. Ildo horretatik, ateak eta leihoak irekitzea gomendatzen du, eremu horietan airearen zirkulazioa errazteko. Gainera, aireztapena bide mekanikoen bitartez ematen bada, mantentze-lan, garbiketa eta desinfekzio-maila egokian mantendu behar da.
Materialaren desinfekzioa
Materiala eta gainazalak desinfektatzeari dagokionez, elementu horiek aldez aurretik ondo garbitu ez badira, horrek ez duela "eraginkortasunik" gogorarazi du Osasun Ministerioak, mikroorganismoentzat babesleku izan daitekeen zikinkeria pilatzen baita.
Testuinguru horretan, igerilekuko elementu guztiak (kortxoak, eskailerak, dutxak, paretak, armairuak...) desinfektatu aurretik "garbiketa zuhurtzia handiz" egitea gomendatzen du, eta maiz ukitzen diren elementuei "arreta berezia" eskaintzea, hala nola txorrotei, barandei edo ateei.
Ura eta prebentzioa
Bestalde, birusarekin amaitzeko helburuarekin, protokoloak igerilekuko uretan dagoen hondakin-desinfekzioaren tratamendua behar bezala egiteko premia nabarmentzen du, eta, ildo horretatik, dokumentuan azpimarratzen da urak arazketa fisikoko eta kimikoko prozesu bat izan behar duela, noizean behin berritu behar dela eta gainbegiratze lan horiek aldian-aldian egin behar direla.
Igerilekuan dauden ostalaritza-establezimenduek sektore horri dagozkion protokoloak bete beharko dituzte, eta kirol-instalazioak eta jolas-parkeak, berriz, ezingo dira erabili deseskalatze prozesuan dagokion fasean horretarako baimean ematen den arte.
Azkenik, megafonia edo katelen bidez prebentzio mezuak zabaltzearen garrantzia ere azpimarratzen da dokumentuan, higiene publikoko jardunbide egokiak gogora ekarri beharko dituena, hala nola igerilekura sartu aurretik dutxatzea edo bainurako jantziak eta eskuoihalak garbitzea, inguruan izan daitezkeen bakterio edo birus guztiekin amaitzeko.
Albiste gehiago gizartea
Lagako hondartza hustu dute, uretatik atera duten 25 urteko emakume bat helikopteroz ospitalera eramateko
Gertakaria 19:00ak aldera izan da, Lagako hondartzako sorosleek uretan arazoak zituen 25 urteko gazte bat ikusi dutenean. Erreskatatu ostean, bihotz-biriketako bizkortze-maniobrak egin dizkiote. Bertaratutako osasun-langileek suspertze-maniobrekin jarraitu dute, ospitalera eramateko helikoptero bat iritsi den bitartean.
Zarrakazteluko sutea inguratzeko lanean jarraitzen dute suhiltzaileek
Larunbat gauean Nafarroako Zarrakaztelu herriko baso-paraje batean piztutako sutea ez dago oraindik inguraturik. Suhiltzaileek lurretik eta airetik lanean jarraitzen dute gauean aireko baliabideak alde egin aurretik.
Bi pertsona atxilotu dituzte Getxon gizon bat sastatzeagatik
Erasoa gaur arratsaldean gertatu da, 14:20 aldera, Getxoko Algorta auzoan.
Iruñeko mendizale bat hil da Russell tontorrean, Aragoiko Pirinioetan
26 urteko gaztea Posets-Maladeta Parke Nazionalean aurkitu zuen GREIMek, lur malkartsuan erori ondoren.
Bero handiak ez ditu kikildu ehunka pirata Donostian
17:00etan 225 ontzitan zihoazen 1000 pirata inguru Donostiako portutik abiatu dira Kontxako hondartzara bidean. Beroa gorabehera, giro ona nagusitu da zeharkaldian zehar.
Hiru gizon atxilotu dituzte Gasteizen: bat genero-indarkeriagatik, beste bat sexu-erasoagatik, eta hirugarrena exhibizionismoagatik
Gertakari bat ostiralean izan zen eta beste biak larunbatean. Genero-indarkeria kasua eta Sexu-erasoa Arabako hiriburuan gertatu ziren. Bestalde, Gasteizko Udaltzaingoak 66 urteko gizonezko bat atxilotu zuen adingabeei genitalak erakusteagatik.
Getxoko Udalak azpimarratu du lan egin beharko dela sokamuturraren etorkizunari buruz ados jartzeko
'Sokamuturra Ez!' plataformak elkarretaratzea egin du jardueraren ordu berean, Algortako Portu Zaharrean, Getxoko jaietan animaliak erabiltzeari utz diezaioten eskatzeko.
Zarrakazteluko sutea "giza ekintza batek" eragin zuela baieztatu dute
Amparo Lopez Nafarroako Gobernuaren bozeramaile eta Barne, Funtzio Publiko eta Justiziako kontseilariak adierazi duenez, larunbat gauean Zarrakaztelun piztutako sutea nola sortu zen "ikertzen" ari dira, eta "Poliziaren lana errespetatu" behar dela esan du. "Badakigu giza ekintza batek eragin" zuela sua. Halaber, "nekazaritza eta basogintzako edozein jarduera" egitea debekatu dute.
Kezka nagusi Zarrakaztelun, arratsaldean ekaitz lehorrak botako dituelako sutearen inguruan
Jon Diez de Eure Nafarroako suhiltzaileen sarjentuak EITBri azaldu dionez, Zarrakaztelun piztutako sutea "ezin da kontrolatutzat jo".
Espainiako Gobernuak inpugnatu egin du Jumillako kiroldegietan musulmanei otoitz egitea galarazteko akordioa
Espainiako Gobernuaren ustez, "modu arbitrarioan murriztu da" aspalditik egiten zen ospakizun bat, eta horrek urratu egiten ditu Administrazioaren erlijio-askatasunaren, berdintasunaren eta neutraltasun konfesionalaren printzipio konstituzionalak.