Gizartea
Koronabirusa
Euskal hondartzak, “ezohiko” denboraldi baterako prestatzen
Agentziak | Erredakzioa
Lapurdin, larunbatean irekiko dituzte hondartzak, itxiera ordutegiarekin eta jarduera fisikorako bakarrik.
Covid-19ak eragindako krisiaren aurrean, Gipuzkoako eta Lapurdiko hondartzak “ezohiko” denboraldi baterako prestatzen ari dira, ez baitakite “ez nola ez zein baldintzatan pasatuko den”.
Gipuzkoan, uztailaren 1ean has liteke denboraldia, osasun egoerak hala baimenduz gero. Dena den, Donostiako hondartzetan ekin diete dagoeneko, urtero sasoi honetan bezala, harea zapaldu eta hondartzak atontzeko lanei, udako denboraldirako prest egon daitezen.
Gaur, ostegunarekin, Zurriolan hasi dira lanean, astelehenean Ondarretara eramango dituzte makinak eta asteazkenean Kontxara.
Aldundiak Gipuzkoako kostaldeko udalerrietan irizpideak bateratzeko gaur egindako bileran parte hartu du Donostiako Udalak.
Hondartzak irekita Lapurdin
Bien bitartean, Lapurdiko hondartzak larunbatean irekiko dituzte, Prefeturak kostaldeko udalerrietako zazpi auzapezen proposamena onartu eta gero.
Zantzu guztien arabera, hondartzak arratsaldeko zazpiak arte egongo dira zabalik, eta bainua hartu, surfa eta korrika egin ahalko da, baina ezingo da hondarretan ez egonean egon ez hamar lagunetik gora bildu.