Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

12 hildako EAEn eta lau Nafarroan azken orduetan COVID-19aren ondorioz

Agentziak | Erredakzioa

Bestalde, PCR bidez baieztatutako kasuei dagokienez, 38 pertsonak eman dute positibo azken 24 orduotan Euskadin, eta, Nafarroan, berriz, 11 kasu berri atzeman dituzte.

  • Bilbo, konfinamenduaren bederatzigarren astean.

    Bilbo, konfinamenduaren bederatzigarren astean. Argazkia: EFE

Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, 12 pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) azken 24 orduetan; beraz, orain arte, 1.454 pertsona hil dira. Halaber, 157 kasu positibo berri atzeman dituzte Euskadin (38 PCR proben bidez eta 180 test azkarren bidez); horrenbestez, guztira 18.316 kasu baieztatu dituzte orain arte proba horien bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostegun honetan emandako datuen arabera (aurreko egunean 00:00ak arte bildutakoak).

Osasun arloko krisi hau hasi zenetik, Euskadin 147.283 PCR proba eta 86.440 test azkar egin zaizkie 126.251 pertsonari; horietatik 7.441, azken 24 orduetan. Gaur egun, 415 pertsona daude ospitaleratuta Euskadin, atzo baino 5 gutxiago; horietatik 360 gelan daude (aldaketarik gabe), eta 55 zainketa intentsiboetako unitatean (5 gutxiago).

Osasun Sailak azaldu duenez, azken 24 orduetan 270 pertsona sendatu dira (guztira 15.256). Bestalde, EAEn kutsatzeen indizea batetik beherakoa da (0,85). Zehazki, kutsatu bakar batek batez beste zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du horrek.

Lurraldeka, Araban, 106 pertsona daude ospitaleratuta (atzo baino 21 gehiago), 356 hil dira (1 gehiago) eta 3.275 positibo atzeman dira PCR proben bidez (5 gehiago). Bizkaian, 243 pertsona ospitaleratu dituzte (aurreko balantzean baino 20 gutxiago), 815 pertsona hil dira koronabirusak jota (9 gehiago) eta 7.704 kutsatu baieztatu dira PCR proben bidez (30 gehiago). Gipuzkoan erregistratu dira kopuru txikienak: 66 ospitaleratu zenbatu dituzte orain arte (6 gutxiago), 283 hildako (2 gehiago) eta 2.278 kasu PCR proben bidez (3 kasu gehiago).

Nafarroan, berriz, lau pertsona hil dira azken orduotan koronabirusaren eraginez, 498 guztira, eta 139 kasu gehiago atzeman dituzte (11 PCR proben bidez eta 128 test azkarren bidez). Datu horiekin, orain arte baieztatutako kasuak 7.891 dira guztira (5.105 PCR proben bidez eta 2.786 test azkarren bidez).

Gainera, 3 gaixo berri ospitaleratu dituzte Nafarroan; pandemia hasi zenetik, 2.045. Horietatik, 135 gaixo zainketa intentsiboetako unitatean izan dira, Foru Gobernuak adierazi duenez, eta 103 azken orduotan sendatu dira.

Bestalde, azken orduetako hiru heriotzekin, 498 pertsona dira jada koronabirusaren eraginez hildakoak (kutsatuen % 6,31). Horietatik, % 68,27 (340 pertsona) ospitaleetan jazo dira, eta % 31,73 (158 pertsona) ospitaleetatik kanpo. Hildakoen adin-tartea 26 eta 107 urte bitartekoa da, eta batez besteko adina 83 da.

Gauzak horrela, 3.400 lagun sendatu dira pandemia hasi zenetik (zaurituen % 43,09).

Nafarroako Osasun Sistemako (publikoa eta pribatua) profesionalei dagokienez, 2 kasu berri diagnostikatu zituzten atzo, asteazkena. Orain arte, pandemia hasi zenetik 867 profesional kutsatu dira, 15.000 pertsonako kolektiboaren % 5,78, gutxi gorabehera.

Espainiako Osasun Ministerioak PCR bidez baieztatutako kasu berriak jakinarazten ditu bakarrik. Proba horren bitartez, pertsona batek une horretan bertan birusa duen ala gaixo dagoen jakin daiteke. Test azkarrek, berriz, pertsona bat kutsatuta egon den ala ez jakinarazten dute, baina ez dute zehazten gaixotasuna garatu duen, momentu horretan duen edo dagoeneko sendatuta dagoen; izan ere, test azkarrek pertsona batek hartutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen dituzte, eta, beraz, iraganeko infekzio bat adieraz dezakete.

Oharra: PCR testak eta test azkarrak batu dira grafikoan

217 hildako zenbatu dituzte Espainian egun bakarrean

Estatuan, koronabirusaren ondorioz hildako pertsonen kopuruak gora egin du hirugarren egunez jarraian, 217 pertsona hil baitira azken 24 orduetan. Gauzak horrela,  dagoeneko 27.321 pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren ondorioz. Osasun Ministerioak gaur goizean emandako datuen arabera, herrialdean 229.540 kasu baieztatu dituzte PCR proben bitartez; alegia, 506 positibo gehiago zenbatu dira egun bakar batean.

Horrez gain, 143.374 gaixo sendatu dira jada, atzo baino 2.551 gehiago (140.823). Halaber, 29 pertsona zainketa intentsiboetako unitatean artatu dituzte azken orduetan, eta 330 ospitaleratu behar izan dituzte (124.225). Kutsatutako osasun langileak 50.088 dira, 975 gehiago (49.113).

Autonomia erkidegoei dagokienez, Madrilen atzeman dituzte kasu gehien, PCR bidez baieztatutako 65.693 kasu positibo baitaude bertan. Katalunian, berriz, 55.482 positibo zenbatu dituzte.

COVID-19ak 297.251 hildako utzi ditu dagoeneko nazioartean, eta 4.348.000 pertsona baino gehiago kutsatu dira, Johns Hopkins Unibertsitateak zabaldutako azken datuen arabera.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.