Gizartea
Koronabirusa
Antigorputzak garatu dituzte EAEko herritarren % 4k eta Nafarroako % 5,8k
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Osasun Ministerioaren ikerketak erakutsi du immunitate mailara (% 60) iristeko asko falta dela, eta adituek ohartarazi dute kutsatzeen kopuruak berriro gora egiteko arriskua dagoela.
Espainiako Osasun Ministerioak eta Carlos III Osasun Institutuak egindako seroprebalentziari buruzko ikerketaren arabera, Hego Euskal Herrian Araba eta Nafarroa dira koronabirusari aurre egiteko antigorputzak garatu dituzten pertsona gehien duten lurraldeak: % 7,2 eta % 5,8, hurrenez hurren.
Bizkaian, gaitza pasatu duten herritarrak % 3,9 dira; eta Gipuzkoan, % 2,8.
Ikerketa apirilaren 27an abiatu zuten Estatuan eta galdeketa egiteko 36.000 etxebizitzetara deitu zuten. Salvador Illa Osasun ministroak, Pedro Duque Zientzia ministroak eta lanaren zuzendariek agerraldia egin dute arratsaldean azterketaren lehendabiziko datuak aurkezteko.
Espainiako biztanleriari dagokionez, % 5ek garatu dituzte antigorputzak, eta, beraz, Estatua immunitate mailatik oso urrun dago.
"Ikerketak agerian utzi du herritarren % 5ek izan dutela koronabirusa Estatuan, hau da, bi milioi pertsona baino apur bat gehiago. Beraz, Espainian ez gara immunitate mailara iristen, horretarako % 60ko taldea behar baita", ohartarazi du Illak.
Ildo horretan, Espainiako Gobernuak konfinamendutik "zuhurtziaz" eta faseka ateratzeko plana egokia dela aldarrikatu du.
Marina Pollan Espainiako Epidemiologia Zentroko zuzendariak ere antzeko adierazpenak egin ditu eta immunitatea lortzeko asko falta dela nabarmendu du.
"Infekzio kasuen kopuruak berriro gora egiteko arriskua dago, birusa daramaten pertsonen arteko harremanak ugaritzen badira. Ez dakigu zer gertatuko den", erantsi du.
Horrez gain, ikerketak erautsi du zonaldearen arabera datuak ezberdinak direla, baina, aitzitik, ezin daitekeela bereizketarik egin sexuaren edo adin taldeen arabera.
Funtsezko langileen kasuan ere datuak antzekoak dira (% 5,3). Alabaina, haurrei dagokienez, zenbatekoa pixka bat baxuagoa da.
Ikerketan, urtebeteko 268 haurrek, bost urteko 1.693 umek eta 5 eta 9 urte arteko 2.857 neska-mutilek hartu duten parte. Lehendabiziko taldean, prebalentzia % 1,1ekoa da; bigarrenean, % 2,2koa; eta hirugarrenean, % 3koa.
"Agian denbora tarte honetan babestuago egon direlako da", esan du Marina Pollanek.