Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Termometroak, maskarak eta pantailak: horrela itzuliko dira ikasleak klasera EAEn

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Ikastetxe bakoitzak erabakiko du DBHko 4. mailako, Batxilergoko eta LHko ikasleak itzuliko diren. Sindikatuen ustez, "arduragabea" da eskolara bueltatzeko erabakia zentroen esku uztea.

  • Desekalatze prozesua Hezkuntzan

    Ikastetxe bakoitzeko garbiketa-zerbitzua indartuko da. Argazkia: EFE

Hezkuntza Sailak maskarak, gel hidroalkoholikoak eta termometroak jarriko ditu ikastetxe publikoen eskura aurrez aurreko prestakuntzara itzultzeko, eta, gainera, garbiketa-zerbitzua indartuko du.

Olatz Garamendi Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordeak Hezkuntza Saileko Lan Osasuneko Batzordeak bideokonferentzia bidez egin duen bileran jakinarazi ditu neurri horiek; sindikatuetako eta Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuko ordezkariek ere hartu dute parte bilera horretan.

Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, neurri horiek, Hezkuntza Sailak Osasun Sailarekin koordinatuta aurreikusitakoak, higiene- eta segurtasun-baldintzak bermatzea dute helburu, datorren astetik aurrera hezkuntza-maila jakin batzuetako ikasgeletara itzultzea aurreikusten baita, COVID-19aren pandemiak eragindako geldialdiaren ondoren.

Hain zuzen ere, "Osasun Sailak eta Prebentzio Zerbitzuak funtsezkotzat jotzen dituzten materialak" zentro publikoen esku jarriko dituela iragarri du Eusko Jaurlaritzak.

Horren harian, ikastetxe guztiek irakasleentzako eta langileentzako maskarak izango dituztela azaldu du. "Maskarak orokorrean erabiltzen direnez eta garraio publikoan, adibidez, nahitaez erabili behar direnez", ikasleek ere maskara eraman beharko dute. Hala, "ikastetxeak maskara bat bermatuko du, hainbat arrazoirengatik maskararik ez duten ikasleentzat, ikastetxera sartzeko unean".

Babes-pantaila bat ere emango zaie hala eskatzen duten ikastetxeko hezitzaileei, eta zentroek gel hidroalkoholikoak eta infragorrizko termometro bat izango dituzte.

Era berean, ikastetxeetako garbiketa-zerbitzua indartu egingo da. Zerbitzu horrek arreta berezia jarriko du kontaktu handieneko gainazalak desinfektatzean, hala nola barandak, heldulekuak eta etengailuak, bai eta komunak ere. Hezkuntza Sailak zehaztu duenez, ikastetxe bakoitzak garbiketako langileak izango ditu eskola-orduetan, aipatutako guneen higienea bermatzeko.

Neurri orokorrak

Aurreikusitako prebentzio-neurriak jasotzen dituen azalpen-kartel bat egin da. Bertan, eskola-postuen artean 1,5 metroko segurtasun-tartea ezartzen dela adierazten da. Horrez ondorioz, murriztu egiten da gelako edukiera, eta beharrezkoa izango da maskara erabiltzea. Distantzia hori 2 metrora luzatuko da gainerako eskola-espazioetan.

Bestalde, ikastetxeek itxi egin beharko dituzte erabili nahi ez dituzten guneak, eta arreta berezia jarri eskuak garbitzeko maiztasunari. Ikastetxeko sarrerak eta irteerak modu ordenatuan eta mailakatuan egingo dira, eta taldeen atsedenaldiak ere mailakatuko dira.

Hezkuntza Sailak ezarritako neurrien artean, ikastetxean gehienez ere 5 ordu emateko ordutegi trinkoa izatea dago, eta jantoki-zerbitzua etetea.

Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, Hezkuntza Sailak eta Lan Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak hartutako neurrien jarraipena egingo dute, eta "unean-unean beharrezkoak diren osasun-neurriak bermatzen" jarraituko dute.

Azkenik, Hezkuntza Sailak sindikatuekin "etengabeko harremana" izateko borondatea agertu du, "hezkuntzako profesionalen hezkuntzarako eskubidea eta segurtasun- eta higiene-bermeak zaintzeko".

Hala ere, ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuak haserre agertu dira Eusko Jaurlaritzak ikastetxe bakoitzaren esku utzi duelako maiatzaren 18an aurrez aurreko klaseak hastea edo ez. Hezkuntza Saila arduragabekeriaz jokatzen ari dela salatu dute eta mobilizazioak iragarri dituzte.

Sindikatuak Hezkuntzari: "Aurrean izango gaituzte ikasgeletara itzultzea negoziatzen ez badute". Argazkia: EFE

Erabakitzeko askatasuna

DBHko 4. mailako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleak datorren astelehenetik aurrera ikasgeletara itzuliko diren ala ez erabakitzeko askatasuna eman die Hezkuntza Sailak ikastetxeei, ikasturtea modu presentzialean amaitzeko, "bakoitza bere hezkuntza-errealitatearen arabera".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.