Gizartea
Koronabirusa
Zuzenean zerbitzuak maiatzaren 21ean aurrez aurreko arreta eskainiko du berriro
Agentziak | Erredakzioa
Erkorekak gogorarazi du administrazio prozedura gehienak digitalizatuta daudela, eta online egin daitezkeela, identifikazio sistema ofizial batekin.
-
Bulego baten artxibo irudia
Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak astearte honetan aurrez aurreko herritarren arreta zerbitzua "pixkanaka" berreskuratzeko plana adostu du. Datorren ostegunean, maiatzaren 21ean, hasiko da plana, Zuzenean-Eusko Jaurlaritzako Herritarren Arretarako Zerbitzuaren bulegoetan, Gasteizen, Donostian eta Bilbon. Bulegoak ohiko ordutegian irekiko dira, baina nahitaezkoa izango da maiatzaren 18tik aurrera hitzordua eskatzea euskadi.eus-en bidez.
Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Erkorekak gogorarazi du une honetan administrazio-prozeduren epe guztiak eten direla, koronabirus bidezko pandemia dela eta.
Egoera horren aurrean, Jaurlaritzak "aurrea hartu" nahi duela azaldu du, eta Eusko Jaurlaritzaren arreta presentziala behar duten pertsonei eman beharreko erantzuna planifikatu nahi duela, besteak beste, familia eta lana bateragarri egiteko laguntzak, hezkuntza bekak, pertsona autonomoentzako diru laguntzak, edo etxebizitza ordaintzeko laguntzak eskatzeko.
Administrazio-prozedura gehienak digitalizatuta daudela eta identifikazio sistema ofizial batekin online egin daitezkeela gogorarazi ostean, Erregistro Elektroniko Orokorrak edozein eskaera, idazki edo komunikazio bitarteko elektronikoen bidez aurkezteko aukera ematen duela nabarmendu du.
Hala ere, gogorarazi du Gobernuak egiaztatu duela pertsona askok nahiago dutela Administrazioarekin aurrez aurreko harremanak izatea. "Horien artean, ahulenak eta arrakala digitalak gehien eragiten dien pertsonak", zehaztu du.
Onartutako planaren helburua da pertsona horiei beren kudeaketak erraztea, "bereziki mota guztietako gizarte-laguntzak eskaintzen diren unean". Zehaztu duenez, plangintza horrek herritarren aurrez aurreko arreta "mailakatura" itzultzea aurreikusi du, eta beti segurtasuna bermatuz, bai erabiltzailei, bai langileei"..
Hain zuzen ere, datorren ostegunean, maiatzaren 21ean, zabalduko dituzte hiriburuetako Zuzenean zerbitzuko bulegoak, eta, ondoren, gainerako zerbitzu presentzialak "pixkanaka" irekiko dituzte. "Jabetzen gara ezer ez dela 'aurre-covid' egoeran bezalakoa izango. Eusko Jaurlaritzaren herritarren arreta ezberdina izango da", adierazi du.
Hitzordua maiatzaren 18tik aurrera
Zehaztu duenez, aldez aurretiko hitzordua behar izango da. Maiatzaren 18an, astelehenean, hitzordua eskatzeko web-sistema bat jarriko da martxan euskadi.eus-en bidez. "Sistema erraza da, eta sakelakotik, tabletatik edo ordenagailutik sartzeko aukera dago", azaldu du. Gainera, bulegoetan bertan aurretiko hitzordua hartzeko makinak jarriko dira.
Eusko Jaurlaritzak pertsona eta tramite bakoitzerako 15-20 minutuko arreta denbora eskainiko du. Gainera, aurrez aurreko arreta, hasiera batean, izapideak egiteko eta dokumentazioa erregistratzeko baino ez da irekiko; hala, herritarrei kontsulta egiteko eta informazioa emateko zerbitzua 012 telefonoaren, Telegram berehalako mezularitza-zerbitzuaren eta euskadi.eus-eko harremanetarako postontziaren bidez eskaintzen jarraituko du.
Erkorekak azaldu du, Eusko Jaurlaritzako Herritarren Arretarako taldeak ia 3.000 kontsulta erantzuten dituela egunero, hiru kanal horien bidez.
Bulego guztietan "babes kolektiborako neurriak" jartzen ari direla ere aurreratu du, hala nola, manparak, eserlekuak urruntzea edo kentzea, lurrean markak jartzea, sarbide-kontrolak edo gel hidroalkoholikoa saltzeko gailuak.