Gizartea
Koronabuloak
Polizia ez dago biktimak gel desinfektatzailez lokartzen dituen lapur batzuen bila
EITB
Poliziak faltsutzat jo du gel desinfektatzaile bat erabilita oinezkoak drogatu eta, ondoren, lapurretan egiten duen talde bat dagoela dioen WhatsAppeko mezua.
-
WhatsAppez zabaldutako ustezko polizia-alertaren irudia. Argazkia: EiTB
Poliziak ez du inolako alertarik abiatu Manos Limpias ustezko gobernuz kanpoko erakundeko partaide direla esanez euren biktimak gel desinfektatzaile bat usainarazita lokartzen dituzten lapur batzuen aurka. Poliziak berak ukatu egin du, eta aldiro-aldiro bueltatzen den bulo bat dela adierazi du.
Azken egunotan, polizia-alerta baten itxura duen mezu bat zabaldu da WhatsApp bidez, "drogak erabilita" pertsonei eraso egiten dien ustezko lapur talde baten berri emateko. Mezu horren arabera, honako hau da lapur horien balizko jarduteko modua: "Manos Limpias izeneko gobernuz kanpoko erakundeko ordezkari" gisa aurkezten dute euren burua, oinezkoengana hurbildu eta eurek eskainitako gel desinfektatzaile batekin eskuak garbi ditzatela proposatzeko, koronabirusaren pandemiaren garai hauetan oso barneratuta dugun keinua izaki. Ondoren, gela usainarazi eta biktimak lo geratzen dira ordu batzuez, eta tarte hori baliatzen dute ustez gaizkileek lapurretan egiteko.
Aipatu mezuaren edukiak ohartarazita, hainbat erabiltzaile jarri dira harremanetan 600 900 454 WhatsApp zenbakiarekin , hau da, koronabirusaren inguruan sortzen diren albiste faltsuak geldiarazteko EiTBk martxan jarri duen #Koronabuloak ekimeneko telefonoarekin.
Honako hau da WhatsApp bidez hedatu den mezuaren argazkia:
WhatsAppez zabaldutako ustezko polizia-alertaren irudia. Argazkia: EiTB
Alabaina, mezu faltsu baten aurrean gaude, Polizia Nazionalak berak Twitterren duen kontu ofizialaren bidez gezurtatu duena; izan ere, "aspaldidanik bueltaka dabilen eta aldiro-aldiro birbidaltzen den gai bat da".
¿Es un bulo que circula desde hace años y sigue reenviándose...
— Policía Nacional (@policia) May 8, 2020
No creas todo lo que te llega por #WhatsApp ¿#NoPiques pic.twitter.com/0SH18IkeCN
Hala, Polizia Nazionalak mezu beraren berri eman zuen 2015ean ere. Aitzitik, ikus daitekeenez, egun bueltaka dabilenak duela bost urtekoak itxura landuagoa dauka, Espainiako Barne Ministerioaren, Polizia Nazionalaren eta Guardia Zibilaren irudi korporatiboak txertatzen baititu, mezuari sinesgarritasun handiagoa aitortzeko xedearekin.
En el Top 5 de bulos absurdos vía whatsapp (¡y subiendo!), la peli "Manitas y el gel desinfectante" Zzz ¡No reenvíes! pic.twitter.com/Jb1onZeiq7
— Policía Nacional (@policia) April 12, 2015
EiTBk, koronabirusaren inguruan sortzen diren faltsuei aurre egiteko asmoz, #Koronabuloak ekimena jarri du martxan, eta egitasmo horretan Radio Euskadiko La Mecanica del Caracol programan parte hartzen duen komunitate zientifikoa, EiTBk Maldita.es webgunea (Maldito Bulo atalaren bidez) eta VOST Euskadi elkartea (Euskadiko Boluntario Digitalen Elkartea) ditu bidelagun.